ikastola bukatu eta San Joanak atzean utzita, oporretan murgiltzeko garaia iritsi zaie Hernaniko ume zein gazteei. Udalak aukera eskaintzen die uztaila jolasean edo kirola egiten pasatzeko, euskeraz, eta ehundaka dira izena eman dutenak. Udalekuak euskera hutsean izaten dira, euskeraren erabilera indartzea baita helburu nagusia. Taldeak antolatzeko garaian (ez dira zozketa bidez osatzen), kontuan izaten dituzte ikastetxeetako irakasleek emandako hainbat datu, tartean, hizkuntza joera. Saiatzen dira baita ere, ikastola ezberdinetako haurrak taldeetan nahasten, elkarbizitza eta ezagutza indartze aldera.
Lehenengo hitzorduak, Biterin eta Atsegindegin
3 eta 10 urte bitarteko haurren kasuan, 500 hernaniar txiki ibiliko dira astelehenetik aurrera, motxilak hartu, eta euren taldeekin jolasean. 69 begirale ariko dira eurekin, taldeetan banatuta, egunero; eta zuzendari bat eta hiru koordinatzaile ere izango dituzte, guztia behar bezala antolatzeko. Astelehenerako hitzordua bi lekutan egin dute, adinaren arabera. 2005 eta 2007 urte bitartean jaiotakoek Atsegindegira joan behar dute; aldiz, 2002 eta 2004 urte bitartekoek, Biteriko plazara. Udaleku irekiak hilaren 25era arte luzatuko dira.
Programazioa,
bost bloketan
Hilabetean zehar egingo dituzten tailer, ekitaldi, irteera, jolas eta abarrak, bost bloketan banatu dituzte aurten.
Astelehenetan, abisteak landuko dituzte, txutxumutxuen kaxa sortuko dute, elkarrizketak egingo dituzte...
Asteartetan berriz, zinearen inguruko gaiak landuko dituzte: tailerrak, aktore galduaren bila, dantza tailerra...
Kirola izango da asteazkenetako ekitaldietako ardatza; egun horietan egingo dituzte mendi bueltak, kanpo jolasak...
Ostegunetan aldiz, publizitatea landuko dute, sormena bultzatzeko asmoarekin: tailerrak, bandoak nola egin, birziklatzen denarekin gauza berriak sortu...
Eta asteko azken egunean, ostiralean, zuzenekoa landuko dute: peñen jaitsiera, erromeria, merkatuak...
Bloke horietan noski, urteroko ekintza nagusiak ez dira falta: San Fermin eguneko ekitaldiak, igerileku irekietara joan, ur festa...
Gazteek hitzordua,
frontoi pareko eskaileretan
Gazteen kasuan, 11 eta 12 urte bitarteko 115 gaztek eman dute izena kirol udalekuetan. Izenak dioen moduan, kirola izango da ardatza: boleibola, errugbia, piragua... Bost taldetan banatuta, 11 begirale eta koordinatzaile bat izango dute lagun, kirolak behar bezala probatu eta praktikatzeko. Astelehenean dute aurreneko eguna, eta hitzordua kiroldegi aurrean egin dute, frontoira jaisteko eskaileretan.
Bost taldetan,
kirolak txandakatzen
Bost taldetan banatuta, egunez egun, kirol ezberdinak praktikatzea da udalekuen helburuetako bat. Herri kirolak, Urdaburura oinez joatea, errugbia, Buruntzara oinez joatea eta Ondarretan piraguan ibiltzea dira, aurreneko egun horretarako antolatu dituzten ekintzak. Horrez gain, uztailaren 13ra bitartean praktikatuko dituzte: boleibola hondartzan, pala eta esku pelota, eskalada, ur parkera irteera... nahi adina kirol, udaraz disfrutatzen hasteko.