Prentsaurrekoa egin zuten atzo Biterin, Ezker Abertzaleak deituta, eta herritar asko inguratu zen bertara, Ugaitz Errazkin hernaniarra eta Jose Javier Oses burlatarra askatzea eskatzeko. Herenegun atxilotu zituen Frantziako poliziak Errazkin eta Oses, ETAko kide izatea leporatuta, Frantzian. Ezker Abertzaleak adierazi duenez, atxiloketa horiekin gatazka betikotzea bakarrik lortzen da, eta euskal jendarteak ezin ditu ulertu.
Aieteko bidearen kontra
Prentsaurrean adierazi zuten, atxiloketa hauek Aieten markatutako bidearen kontra egiten dutela: «konponbide integralaren bidearen aurka egiten dute berriro, eta nazioarteko eragileak eta berifikazio taldearen eragina deuseztu nahi dute. Jokabide errepresibo honekin estatu frantsesak eta espainiarrak muzin egiten diote Euskal Herriko gehiengo sozialak nahi duenari.
«Jendeak ez du hau espero Hollanden gobernuataz»
Hollanden gobernua salatu zuten atzo Biterin bildutakoek. «ETAk borroka armatua utzi eta hitz egiteko proposamena egina du, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ordezkaritza izendatua du, euskal jendartearen gehiengoak nahi du presoak hurbiltzea, eta bi gobernuen jarrera da lehengo bidean segitzea. Hollanden gobernu berriak ez du aldaketa izpirik eman, eta ez da hori jendeak espero duena... Azkenik adierazi nahi dugu, bi estatuek urratsik ematen ez badute ere, euskal herritarrok aldaketaren bideari segiko diogula».
Manifestazioa egunero
Bi atxilotuak epailearen aurretik pasa arte, manifestazioak egingo dituzte Hernanin, 20:00etan, Gudarien plazatik abiatuta.