Tourmalet, Aubisque, Peyresourde... ez dira nolanahiko izenak; ez dira nolanahiko portuak. Aldapa pikoak dira oso, eta denak batera jarriz gero, eta 326 km-ko etapa, zer esanik ez. Pirineoetan eta inguruan egiten den probarik gogorrenetakoa egin du Ibon Iriondo hernaniarrak: Luchon-Baiona historikoa. Iriondok 12 ordu eta erdi behar izan ditu proba bukatzeko, eta lehenengo hamabosten artean bukatu du. «Jendea bukatzera joaten da, ez konpetitzera. Oso gogorra da, eta lasai hartzen du jendeak». Iriondok asko sufritu omen zuen etapa bukaeran: «hasierako 140 km-ak dira berez, gogorrenak, baina bukaerako aldapa txikiak gehiago nekatu naute, oso luze egiten delako». Kuriositate gisan, Iriondok 14.000 kcaloria erre zituen, eta 26,3 km/h media egin zuen.
Tourrean korritu zuten 1910ean
Proba, berez, sekulakoa da: desnibel positiboa, 7.000 metro, 6 portu haundi, 326 km... 1910ean dauka sorrera, Tourrean etapa bat izan baitzen. Iriondok berak egin digu, karrera honen historia txikia: «1910ean kazetari batek tourmaleta igo zuen. Bere egunkariko zuzendariari telegrama bat bidali zion dena ondo joan zela, arazorik gabe egin zuela igoera. Horrela hasi zen Luchon-Baionaren historia. Tourreko etapa egin zuten, hori ikusita. Lehenengoak 14 ordu eta 10 minutu behar izan zituen. Garai hartako baliabideak kontuan hartuta oso ondo dago. Etapa goizeko 03:30etan abiatu zen. Txirrindulari bakarra izan zen bizikletatik jaitsi gabe Tourmalet igo zuena. Etapa irabazi zuen frantsesak Aubisqueko tontorrean zenean asesinotzat jo zituen antolatzaileak».