«Irabazi nahi dut, batez ere, Hernanin delako dema»

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 27a, 02:00

Bosgarren urtez, idi dema jokatuko dute gaur Iñaki Intxaurburu hernaniarrak eta Inaxio Telleria lasartearrak, baserritarren egunaren bueltan. Elur txori elkarteak, azken lau urteetako protagonista berberak aukeratu ditu demarako; 11:30etan izango da, Plazan.


Aspalditik ezagunak
Intxarburu eta Telleria ondo ezagutzen dira, bai plaza barruan eta baita plaza kanpoan ere; hala dio In­txaur­buruk: «biok genuen Her­nanin idi probak jokatzen hasteko nahi hori. Lau urte pasa dira ordutik, eta mo­mentuz, gustora gaude urteroko erakustaldiarekin. Lagun onak gara, eta nahiz eta pikeak existitzen diren, normalean ez dugu apusturik egiten». Ondo ezagutzen dira gaurko bi protagonistak, eta Intxaurbururen esanetan, hori ona da demari begira: «bata bestearen aurka ibiltzeaz gain, askotan, entrenatu ere, elkarrekin egiten dugu». Eurak ondo ezagutu arren, azken hitza idi parearena izaten dela dio hernaniarrak: «gaizki badaude jai daukazu, eta ondo badaude, irabazteko aukera izango duzu»


Zeinek plaza gehiago egin
Idi pareek 1500 kiloko harria rekin egin beharko dituzte plazak; denbora, 30 minutu. Tarte horretan plaza gehien egiten dituena izango da garaile. 2008tik jokatu dituzten lau demetatik hiru Telleriak irabazi ditu. Intxarburu hernaniarrak garaipen bakarra du. Aurten ere, irabaztera aterako da ordea, dema Hernanin izateak bereziki motibatzen baitu: «Hiru eta bat galtzen banijoa ere, betiko moduan, irabaztera aterako naiz. Ez dago ezer jokoan, baina bereziki pozgarria izaten da zure herriko jendearen aurrean garaipena lortzea».


Idi pare indartsua
Idi pare indartsua duela azaldu dio Intxaruburk Kro­nikari: «oraingoz ez dut kexarik, oso ondo ibili izan dira biak. Zazpi urte besterik ez dituzte, eta fruturen bat emandakoak dira: Laudion lehengo saria irabazi genuen eta Laukinizen berriz, hirugarrena. Orain dela gutxi apustu bat ere jokatu nuen; galdu egin nuen ordea». Gaurko demari begira, beldur da idiak nekatu xamar iritsiko ote diren: «atzo Errezilen izan nuen apustua eta baliteke nekatu xamar iristea». Telleriak aterako dituen idi pareari dagokienean duda asko ditu: «Telleriarenak, ziurrenik, nireak baino zaharragoak izango dira; hala ere aspaldi ez dugu elkar lehiatu, eta ez dakit nola izango diren».


Idiak hobbya dira
Intxaurburuk hobby gisa du demetan aritzea: «jaten ematen diet goizero eta astean hirutan entrenatzen ditut. Orain 1.200 kilotan dago bakoitza, eta lehiatzeko 1.100 kilotan egotea komeni izaten da. Beraz, badaukat lana».

Urrezko aizkorako saioa, Tilosetan

Dema bukatuta, 12:30etan, Urrezko Aizkolari txapeldunen liga jokatuko da Tilosetan. Iñaki Azurmendi (Banakako Txapelduna) eta Unai Otaño (Binakako txapelduna) izango dira aurrez aurre. 20 enbor moztu beharko dituzte, 6 modutara: kolpeka, erlojuaren kontra, zutik, abiaduran, zutik-etzanda eta erdiluze lanetan. Enbor eta enbor artean, Telleria IIa eta Telleria IIIa harrijasotzaileen erakustaldia izango da, Tilosetan.

Berriaren alde, bertsosaioa

Herri kiroletako probak bukatuta, bertsosaioa izango da Tilosetan, Berriaren alde. Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzek eskainiko dute, ordu erdi inguruko saioa.  


EGITARUA

07:00 Diana, Hernaniko Musika eta Txistulari Banden eskutik.

07:30 Sokamuturra.

09:00 Azeri Dantza.

11:00 Hau kategoriagako 35. marrazki lehiaketaren sari banaketa. Biterin. Urumea ikastola.

11:00 Beti egarriak txarangaren irteera.

11:30 Idi-proba erakustaldia Intxaurburu eta Telleriaren artean. Plazan. Elur Txori elkartea.

12:30 Urrezko aizkolari txapeldunen ligako kanporaketa eta herri kirolen erakustaldia Tilosetan.

16:00 Giza futbolina, zezen mekanikoa eta bike loopinga 11 eta 17 urte bitarte dituzten gaztetxoen­tzat. Atsegindegin. Gazte txokoak eta kale hezitzaileek antolatuta.

16:00 Quads-ak 11 eta 17 urte bitarte dituzten gazteen­tzako, kiroldegiko ate nagusiaren aurrean. Gazte txokoak eta kale hezitzaileek antolatuta.

17:30 Haurrentzako pottokak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.

18:00 Pelota partidak kiroldegiko frontoian.

18:30 San Joan Konpartsa.

23:00 Rap, hip hop eta ragga dancehallen Molotoff irratian.

23:00 Azken gaua dantzan txosna gunean. Txosna Batzordea.

23:45 Jaien bukaerako ekitaldia.

24:00 Hernaniko bolariek bandera jaitsiera. 

Ondoren, Incansables txarangarekin azken kalejira.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!