Denok omen gara nafarrak, baita hernaniarrok ere

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 26a, 02:00

500 urte pasa dira, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik. Batzuek nahiago izan dute ordea, ‘konkista’ hitza erabili beharrean, ‘anexioaz’ hitz egitea. San Joan konpartsak, 1522an Amaiurko gazteluan izandako azken guda ekarriko digu gogora. 1512an Gaztelak konkistatutako nafar-eremua berreskuratzeko ahaleginaren isla, hain zuzen. Baina zein zerikusi du horrek, Hernanirekin? Bat baino gehiago harrituko duen historia azaleratuko dute konpartsa-kideek, gaurkoan..

Urteroko ohiturari jarraituz, San Joan konpartsak Herna­niko historia osatzen duen pasarte bat ekarriko digu gogora gaurkoan. 1512tik 500 urte pasa dira. Hau da, aurtengoa, Gaztelak Nafarroa konkistatu zueneko 500. urteurrena da. Hori kontuan izanda, Nabarralde edota Hernani Errotzen bezalako taldeek, ekintza ugari antolatu dituzte aurten, Euskal Herriko hainbat txokotan, historiako pasarte haren inguruan esan diren ustezko egiak baztertu, eta orain arte ezkutatutako ustezko gezurrak egia direla azaltzeko. Hernani Errotzeneko kide den Beñi Agirrek konkistaren gaia jorratzeko proposamena egin zion San Joan Kon­partsari, eta honek, erronka onartu. Hainbat historiagilek sarri azaldu duten `anexioaren´ teoria baztertu, eta 1512an gertatutakoa konkista zela erakutsiko dute gaurkoan. Nafarroako historiarekin lotutako pasartearen berri izango dugu hortaz. Baina Nafarroarenarekin bakarrik? San Joan Konpartsako kideek, Beñi Agirre eta Jesus Mari Gomez Txuso, udaletxeko ar­txiboko arduradunaren laguntzarekin, hernaniarrek Nafarroako konkistan betetako papera zein izan zen ere erakutsiko dute.

Dantzari eta jostun finak
Ez dute lan makala egin aurtengoan, San Joan Konpartsako kideek. Pepi Arrozpidek azaldutakoaren arabera, martxoan jada, dan­tzarako trajeak prestatzen hasiak ziren. Izan ere, ez dira nolanahikoak gaurkoan erabiliko dituzten arropak. 1512an kokatutako historia kontatuko dute gaurkoan, eta beraz, garai hartako jan­tziak lortzea izan da, lanetako bat. Horretarako, Oreretara jo zuten Konpartsa kideek, Ramon Garciarekin hitz egiteko. Hark, XV. mende bukaerako eta XVI. mende hasierako trajeen grabatuak erakutsi zizkien. Eredu horiek jarraituta, nork bere trajea josteko ardura hartu du. Modistaren bat edo beste ere badute taldean, eta lan handia egin dute, patroiak sortzeko. Garai hartako erropen berezitasun nabarmenena burukoak eta orrazkerak dira. Oinetakoak ere ez ziren nolanahikoak: orokorrean punta zorrotzekoak izaten ziren. Horrez gain, Iruñako Pello Otaño koreografoarekin ere elkartu ziren, eta ikastaro intentsibo bat egin zuten, garai hartako dantzak ikasteko, eta partiturak lortzeko. Historia arakatzen Karroza egiten sei bat lagun aritu dira. Amaiurko Gazte­luaren 1522ko grabatu bat oinarri hartuta, ia 2 metroko maketa bat osatu dute. Izan ere, 1522an Amaiurko Gazteluan izandako guda, Nafarroa birkonkistatzeko egin zen azken saiakera izan zen. Horrek erakusten du ondoen, 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu egin zuela, eta ez zela elkar­tzeko akordio baketsurik izan. Dantzaz gain, San Joan konpartsako kideek an­tzerkia ere egingo dute. 22 bikote ariko dira dantzan, eta 14 bat lagun antzerkia egiten. Eskola dantza taldetik ere, 4 dantzari etorriko dira, ezpata-dantza berezi bat egitera, borroka eta guda islatzeko. Errege-erregina nafarra izango dira antzerkiko protagonista, batetik, eta Albako Dukea, bestetik. Azken honen gidaritzapean borrokatu zuten tropek konkistatu baitzuten Nafarroa 1512an, Gaztelako erregearen agindupean. Guda hori galdu egin zuten nafarrek, baina hala ere, antzerkian, neska gazte batek Amaiurko Gaz­teluan jarritako Gaztelako bandera kendu eta bandera nafarra jarriko du, benetako historiaren lekukoa belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu dela erakusteko.

Hernani, Nafarroako Erresuman Hernani aipatzen duten lehenagoko dokumentu batzuk badiren arren, anakronismoz beterik daude. Beraz, badirudi, zientifikoki eta historikoki ontzat jotzen den eta Hernani aipatzen duen lehen dokumentua 1014koa dela. Doku­mentu horretan, Nafarroako errege den Antso III.a Handiak, Leireko Monaste­rioari Donostiakoa ematen dio. Donostiako Monasterioa­ren deskribapena egitean hain zuzen, Ernaniko mugetan dagoela aipatzen da, itsasertzean, eta monasterio horren menpekoak ziren parrokia eta herrixka, Izurun deiturikoak, aipatzen ditu. Era berean, Antso III.a Handiaren XI. mendeko beste dokumentu batean zehazten da, Oria, Urumea eta Oyar­zun ibaietako bailarak Nafa­rroako Erresumaren Kantauri itsasorainoko luzapen naturala direla. Dokumentu hauetan ulertzen da beraz, Hernani Nafarroako Erresumaren parte izan zela.

Gudari hernaniarrak, Orrea­gan, Beotibarren eta 1512an
Hernaniko Eliz-Parrokiari erreferentzia egiten dioten XVII. mendeko dokumentu batzuetan, honen onura jaso ahal izateko, Hernaniko herriak Koroari egindako zerbitzuak aipatzen dira. Horien artean, Carlomagno 778an Orreagan sartu zenekoa, 1321ean Beotibarren izandako `guda´ edota 1512an `fran­tsesek´ nafar erreinuak konkistatzeko egindako saiakera. Dokumentu honetan kontraesan batzuk badaude. Izan ere, Espainia eta Gaztelaren alde egindako zerbitzuak aipatzen dira, baina aipatzen diren bataila horietako batzuk gertatu zirenean, ez Espainia eta ez Gaztela, ez ziren existitzen. Dokumentu honetatik ondorioztatu daitekeena da, XVII. mendeko hernaniarrek bazutela guda horien guztien berri, eta hernaniarrek horietan parte hartu zutela. Carlomagnok, 778an, Zaragoza konkistatzeko ahaleginean baskoien lurraldeak zeharkatu zituen. Zaragozan sartu aurretik ordea, erretiratzeko erabakia hartu zuen, bere lurraldeetan gertatutako altxamendu baten erruz. Itzulera horretan, Iruñatik pasatzean hiriko harresiak puskatu eta hiria suntsitu zuen. Horrexegatik, Orre­gatik pasatzean, Ibañetan hain zuzen, baskoiek enboskada prestatu zioten, eta bertan, Carlomagnoren iloba Roldan hil zen. Baskoi haien artean zeuden hernaniarrak ere, lehen aipaturiko dokumentuan egiten diren erreferentzien arabera. 824an Carlomagnoren bilobak Iruña konkistatzeko saiakera egin zuen, baina orduan ere, baskoiek irabazi zuten, eta Iñigo Arista edo Eneko Aritza izenez ezagutzen den lehen errege nafarra (824-851) izendatu zuten. Ordutik aurrera, Iruñako Erresuma gero eta lurralde gehiago bereganatzen joan zen. Antso III.a Handia erregearekin (1004-1035) ezagutu zuen Nafar Erresumak zabalkunde handiena. Baina baita Gaztelak eta Aragoik ere. Garai hartakoak dira, lehenago aipatutako XI. mendeko dokumentu horiek, zeinetan Hernani Nafar Erresumaren barruan dagoela ulertzen den. Geroago errege izan zen Antso VI. Jakintsuak berriz, (1150-1194) Iruñako Erre­suma Nafarroako Erresuma bilakatu zuen, eta euskara, lurralde osoko hizkuntza izendatu zuen: lingua navarrorum. Antso VII.a Azkarraren garaian (1194-1234) ordea, Nafarroako Erresuma lurraldeak galtzen hasi zen. Gaztelako errege Alfonso VIII.ak egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurretako hainbat eremu konkistatu zituen. 1200. urtean hainbat herri `sortu´ zituela aipatzen da, horien artean, Hernani. Baina Idoia Arrieta historiagileak aurkitutako dokumentu batzuetan, `Donostiako konkistaz´ hitz egiten da. Hau da, Alfonso VIII.ak `sortutako´ herri haiek Gaztelako Erreinura `borondatez´ lotu zirela zabaldu ba­zen ere, kontua da Nafa­rroako Erresumako lurraldea osatzen zuten herri haiei harresiak eta mugak jarri zizkiela, `gaztelatartuz´. Ordutik orain arte zabaldu diren dokumentu eta informazioetan, ez da gehiago nafar lurralderik ageri. Lurralde haiek betidanik Gaztelakoak bailiran agertzen dira. 1200. urteko konkista haien ondorioz, Gaztelak mendean hartutako herri batzuen artean, batez ere, Nafarroarekin muga egiten zutenetan, liskarrak sortzea ohiko bihurtu zen. Gaztelak indartu egiten zituen liskar horiek, Nafarro­arekiko tentsioak areagotzeko ahaleginean. Horren ondorio izan zen `1321eko Betoibarko Bataila´. Ez zen benetako batailarik izan, baizik eta mugak zirela medio, sortutako liskarrak izan ziren.

Hernaniarrak, Erresumaren konkistan
1512an, Gaztela eta In­galaterrak gerra deklaratu zioten Frantziari. Pirinioe­tako bideak lortzea zen helburua. Baina aldi berean, Nafarroa Gaztelaren menpean jartzea zuten buruan. Hala ere, Gaztela eta Nafarroa negoziaketan ari ziren, Gaztelaren nahia baitzen Nafarroako Erresumak Frantziarekin zuen akordioa uztea. Baina urte hartako uztailean Frantziak eta Nafarroako Erresuman elkarri ez erasotzeko, eta etsai komun baten aurrean elkarri laguntzeko paktua sinatu zuten. Akordio hori nahikoa aitzakia izan zen Fernando Katolikoa, Gaztelako erregearentzat, Nafarroa konkista tzeko. Baina konkistaren arrazoia akordio hori izan ze­la ziurtatu bada ere, badirudi ez dela guztiz egia. Izan ere, Frantzia eta Nafarroaren arteko akordio hori sinatzerako, Gaztelako erregeak aginduta Albako Dukearen gidaritzapean Gasteiztik ateratako Gaztelako tropek, hasia bai­tzuten erasoa. Erasoari aurre egiteko, nafarrek tropa fran­tsesen laguntza izan zuten, eta Gaz­telako tropak Iruña­raino iritsi ez zitezen, hainbat herri eraso zituzten; horien artean, Hernani. 1513an Nafarroako Gor­teak ospatu ziren, eta bertan, ordezkari nafarrik gabe, Fernando Katolikoa Nafa­rroako errege izendatu zuten, eta Nafarroako Erresuma Gaztelara ‘gehitu’ zen. Fernando Katolikoa hil zenean ordea, ejertzito franko-nafarrek Nafarroa birkonkistatzeko ahalegina egin zuten 1521ean. Enrike II.a Nafa­rroako erregea Iruñera iristeko zorian zela ordea, Gaztelako tropek eragotzi egin zuten. Bataila gogorrak izan ziren orduan, Noaingoa kasu. Tropa franko-nafarra banandu egin zen, eta 200 gerlarik Amaiurko gazteluan eutsi zioten 1522ko uztailera arte. 1523an eta 1524ean, Gaztelako errege Carlos I.ak, Konkistaren eraginak leun­tzeko hainbat indultu dekretatu zituen, Gaztelako Erre­sumari fideltasuna eskain­tzea­ren trukean. Nafa­rroako Erresuma birkonkistatzeko saiakerak bertan behera geratu ziren orduan, eta ordura arte Nafarroa izandakoa, Gaztela bihurtu eta Nafarro­ari egindako erreferentziak ezabatu ziren aurrerantzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!