Isildu dira kaleetako danbor, txistu eta txaranga hotsak; tabernetan jaitsi dute musikaren bolumena; herritarrak itzuli dira eguneroko rutinara; gogotik ospatu ostean, bukatu dira San Joan festak. Bost egunetan festa giroa izan da nagusi, baita atzo ere, eguzkiak erre egin behar zuela zirudien horretan. Sokamuturra eta Axeri Dantzaren bueltan bildu ziren goizeko aurreneko orduetan herritar mordoxka, oraindik tenperatura epel zenean. Azken danbatekoak hartuta itzuli ziren asko etxera; beste batzuk, baserritarren egunaren bueltan ospatu zuten festen bukaera.
Intxauruburuk ezin
Eguerdian, itzaleko bidea aukeratu zuten Intxaurburu eta Telleriaren idi pareek; baita ikusleek ere. 1.700 kiloko harriarekin, 30 metroko plazari zeinek buelta gehiago eman aritu ziren. Atzokoan ere, lasartearra, Telleria nagusi, 56 plaza eginda; 10 gutxiago egin zituen hernaniarrak. Festa Tilosetako zuhaitz azpira pasa zen ostean; aizkolari eta harrijasotzaileak aritu ziren bertan, bazkalordura arte.
Konpartsa, arratsaldean
1522an Amaiurko gazteluan izandako azken guda ekarri zuen gogora arratsaldean San Joan Kopartsak. 500 urte bete dira aurten Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela, eta garai hartara eraman zituzten, Kaxkoan ikustera gerturatu ziren hernaniarrak.
Festak hasi bezala bukatu ziren, bolarien eskutik. 360 egun geratzen dira, deskantsatu, eta datozen festak antolatzen hasteko.
Argazki eta bideoak
interneten, eta asteburuan
Kronikak interneten jarriak ditu San Joanetako argazkiak, eta bideoak, www.kronika.net helbidean. Horrez gain, argazki gehiago aterako ditu larunbateko Kronikan.