San Joanetako aurreneko Sokamuturra eta Axeri Dantza izango dira gaur, goiz esnatu edota oraindik etxeratu ez direnen gozamenerako. Eta aurretik, hernaniarrak esnatzeko Diana izango da, 07:00etan, Musika Eskolako dultzaineroen eskutik. Sokamuturra 07:30etan izango da Gudarien plazan eta Axeri Dantza 09:00etan hasiko da.
Haurrentzako parkea, Atsegindegin
Haurrei zuzendutako ekintza ugari izango dira gaurkoan. Goizetik, esaterako, parkea izango dute Atsegindegin. Eguerdian, erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da Kriskitiña dantza taldearekin. Eta arratsaldean, Martxa izeneko emanaldia eskainiko dute Poxpolo eta konpainiak Atsegindegin eta pottokak eta xexenak izango dira Latsunben.
Txarangak, goiz,
arratsalde eta gau
Txarangaren erritmora ibiltzeko aukera ere izango da gaurkoan. Goizean Santa Barbara txarangak girotuko ditu kaleak, arratsaldean Betikoak txarangak eta gauean Incansables txarangak.
Meza, Elorrabin hildakoen omenez
1978ko ekainaren 25ean, batel estropadak jokatzen ari zirela, Elorrabiko zubia erori zen eta bertan hildakoen omenez, meza egin ohi da urtero. Aurten ere izango da; gaur hain zuzen, goizeko 11:00etan.
Gaur erabakiko da Hernaniko bolari onena
Herriko bolariak Hernaniko Txapelketa ari dira jokatzen eta gaur hirugarren eta azken tiraldia izango dute Floridan, Benta Berriko bolatokian. Tiraldia 18:00etan izango da.