SAN JOAN jaiak ezin dira ulertu lagun-talde edo koadrilarik gabe. Horiek gabe, txarangak ez lukete daukaten arrakasta eta horiek gabe, Hernani herriko kaleak ez lirateke koloredun alkandoraz bustiko. Kaleak alaitzen dituen koadriletako bat Beti Alperrak lagun-taldea da. Koadrila honek 40 urte daramazki San Joan jaietan elkartu eta ondo pasatzen.
Gaztetatik elkarrekin
Beti Alperrak lagun-taldea, koadrila guztiak bezala, euren kideak gazteak zirenean sortu zen. Jose Mari Aldasoro kidearen hitzetan: «Hamabi hamahiru urterekin hasi ginen elkarrekin juntatzen. Atsegindegiko futbol txapelketan herriko ume guztiek parte hartzen genuen. Batzuk futbolean aritzen ginen, beste batzuk mendi taldean eta beste batzukpelotan. Horiek izan ziren koadrilaren lehen urratsak. Hasieran futbolean jokatzeko juntatzen ginen; besterik ez. Hala ere, hamasei urte bete genituenean lagun-talde itxura hartu zuen denak».
Izena urte batzuk geroago
Hala ere, izena ez zen berehala sortu: «Koadrilari Beti Alperrak izena 1972 urtean jarri genion. Hasierako hamar urteetan izenik gabe ibitzen ginen, baina halako egun batean denon artean ados jarri eta izen xelebre hau aukeratu genuen» dio Aldasorok.
Kopurua haunditu
urtetik urtera
Aldasororen esanetan, koadrila guztietan bezala, Beti Alperrak lagun-taldean gutxi batzuk eman zituzten hasierako urratsak: «Hasieran gutxi ginen; urteak aurrera joan ahala, jende berria sartzen joan zen, baita gure andregaiak ere. Egun, berrogei urte hauek pasa eta gero, koadrilan 30 bat inguru gara. Seme-alabak beren bidea egin dute, baina hala ere, bazkaltzera deitzen badiegu segituan etortzen dira».
Ohiturak ez dira galdu behar
Aldasororen hitzetan, ohiturak oso garrantzitsuak dira, eta jaietan are garrantzitsuagoak: «San Joanetan urtero gauza bera egiten dugu. Gure eguna, ekainaren 25ean ospatzen dugu, hau da, koadrila egunean. Hamaiketakoa batera egiten dugu; gero hilerrira, gure artean ez daudenei lore-sorta bat eskaintzera; bukatzeko, denok batera bazkaltzen dugu. Lehen Epeleko Etxeberrin egiten genuen bazkaria, baina hura itxi zutenetik aldatu egin dugu jatetxea».
Baina Beti Alperrak koadrila ez da biltzen egun honetan bakarrik. Aldasorok dio: «Ekainaren 26an berriro juntatzen gara elkarrekin bazkaltzeko eta hurrengo egunean afaritxo bat egiten dugu jaiei agur esateko».
Brindisa, Plazan,
Beti Alperrak koadrilaren eskutik
Jai batzordeak hala erabakita Beti Alperrak taldeak egingo du aurtengo brindisa gaur, ekainak 25, 13:00ean Plazan, koadrilen egunari harrera emateko: «Orain dela bizpahiru urteko ekimena da. Urtero koadrila bat aukeratzen dute eta aurten guri egokitu zaigu. Honek ez digu gure plangintza etetzen beraz, herritarrek sagardo tragoxka on bat egin nahi badute, hurbildu daitezela Plazara ekainaren 25ean» dio Aldasorok.
Hala ere, topa ekitaldi hau ez dute beste munduko beste gauza bezala hartzen: «Gure ekintzak normaltasun osoz egiten jarraituko dugu».
Emakumeak bere aldetik orain arte
Beti Alperrak koadrilan, lehen aipatu bezala, ohiturak ez dira galtzen. Hala ere, Aldasororen esanetan aurten horietako bat aldatuko dute: «Ohitura daukagu koadrila egunean emakumeek eta gizonek bakoitzak bere aldetik bazkaltzeko. Hala ere, aurten, denok batera bazkalduko dugu».
Giro ona mantentzea beharrezkoa
Aldasorok dioenez, meritua badu 40 urte jende berdinarekin egoteak, baina are garrantzitsuagoa da taldeko giro ona mantentzea: Onddi taberna bilgune hartuta, eta Txatxon euren bozeremaile dutela, Beti Alperrak taldeko kideak ekintza desberdinak egiten dituzte urtean zehar: «Astero dirua jartzen dugu eta horrekin planak egiten ditugu: Aranora martxa, Errioxara bidaia, eta San Inaziotan Santa Barbarara, eta bertan prestatzen dugu bazkaria. Gainera, sagardotegi garaian, gure sagardotegi bueltak ere egiten ditugu», dio Aldasorok.
Alkandora aldatzeko beharra
Baina berrogei urte ez dira soilik taldeko kideentzako pasatzen, izan ere, alkandorak ere bere ajea izaten dute: «Dagoeneko lau bat alkandora edo bruxa izan ditugu. Denbora ez da alferrik pasatzen eta hori jantzietan ere nabarmen somatzen da. Lehen, gazteak ginenean kamixeta txikiak eramaten genituen, argalak baikeunden; baina denbora aurrera joan ahala brusa edo alkandora haundiagoak erosi behar izan ditugu gure gorputzera ondo egokitzeko!».
Aldasorok dionez alkandoren kolore eta estiloa ere aldatzen joan da denbora aurrera joan ahala: «Erostera joaten direnek aukeratzen dituzte kolorea eta dena. Besteak, ados egon behar horrekin».
Lehengo koadrilak alaiago
Aldaketa nabarmena nabaritzen du Jose Mari Aldasorok lehengo eta oraingo koadriletan: «Lehen askoz gehiago disfrutatzen genuen txarangarekin. Gaur egungo gazteak ia ez dute saltorik ematen musika entzuten dutenean. Gazteak ginenean goizean hasten ginen dantzan eta bazkalostean gorputzak irauten zuen arte hor ibiltzen ginen saltoka. Gainera, hurrengo goizean hor egoten ginen berriro ere aurreko muturrean. Gaurko gazteak berriz, ohera joaten dira gauean ateratzeko». Hala ere, nahiz eta txarangaren gainbehera nabaria izan den azken urteetan, Aldasorok dio, berpizte antzeko bat bizitzen ari dela: «Orain dela urte batzuk txaranga gainbehera zijoan. Orain badirudi direkzioa aldatu dutela eta indarra hartzen ari direla berriro ere´.
Etorkizun oparoa
Lagunak bidean utzi dituen arren, Jose Mari Aldasorok indarrez ikusten du koadrila hainbat urtez kaleak girotzen jarraitzeko: «Askok erretiroa hartu dugun arren, orain arte bezala jarraitzea espero dugu. Urtean zehar egiten ditugun ekintzekin segitzen badugu, lagun-taldea indarrarekin ikusten dut urte askotarako».
Aurtengo San Joan jaiei zerbait eskatzekotan Aldasorok osasuna eta ondo pasatzeko gogoa eskatuko lizkioke.