Hiru bikoteek eman zuten berea, eta Hernanik aurrea hartu zion Donostiari, lehenengo jardunaldian. Bi partidu hernaniarrentzat, eta 26 tantoko aldea. Erdia egina dago; beste erdia, datorren larunbatean egin behar, Atano IIIean. Kadeteek 15-22 galdu zuten; jubenilek 22-1 irabazi; eta nagusiek, 22-10.
Kiroldegiko frontoia ia bete egin zen, eta giro aparta sortu zen, horri esker.
Loiartek eta Noblek susto ederra eman zioten egungo
bikote onenetakoari
Iker Loiartek eta Hodei Noblek eman zien lehenengo poza afizionatuei. Donostiarrak ziren faborito, Chiapuso eta Aranguren, egungo bikote onenetakoa, kadeteetan. Hernaniarrak, ordea, lasai atera ziren kantxara, eta eutsi eta eutsi, aurrera joan ziren markagailuan. Susto ederra hartu zuten donostiarrek; hala ere, tanto asko egin zituzten, eta hori komeni izaten da bukaeran.
Urkizu eta Murgiondo, uste baino errazago
Jubeniletan, uste baino errazago irabazi zuen Hernanik. Urkizuk eta Murgiondok 22-1 irabazi zuten, eta bueltako partiduetarako sekulako oxigenoa eman diote taldeari.
Nagusietan, Ojuelek eman eta Gorrotxategik eutsi, hasieratik hartu zuten aurrea hernaniarrek. Bereziki Ojuelek egin zuen partidu hasiera izan zen klabea, diferentzia atera zuelako; Gorrotxategik eutsi izanak ere izan zuen garrantzia, batez ere, partidu bukaeran. Azkenean 22-10, eta denak gustora.
Josu Oiaga entrenatzaileak Kronikari jakinarazi zioenez, «itxura polita hartu du kanporaketak. Orain kontzentrazioari eutsi, eta datorren larunbateko partiduak serio jokatu behar ditugu. Kadeteek eta jubenilek gaur bezalako poza ematen badigute, finalean izango gara».
Frontoia ia bete egin zen atzo, Hernaniko zaletuekin. Beste hainbeste joango ote dira datorren astean Atanora? Ez dago inongo dudarik...