Emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko protokoloa onartu zuen Plenoak ostegunean, aho batez (sozialistak ez ziren bertan izan). Hernanin badira lehendik ere zentzu honetan, hainbat protokolo. Hain zuzen, arlo honetan lan egiten duten eragileek (Ongintzak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Osakidetzak) euren barne protokoloak dituzte. Udalak azaldutakoaren arabera, protokolo horien funtzionamendua egokia eta eraginkorra da, eta oinarrizko tresna dira, baina atzo onartutako protokolo hori udalerri mailakoa litzateke. Hau da, arlo honetan lan egiten duten eragile guztien artean zehaztua da eta eragile horien arteko koordinazio egokia ziurtatzen du. Izan ere, protokolo honen helburua da indarkeria jasan duten emakumeei arreta integrala, erabatekoa eskaintzea.
6 helburu zehatz
Protokolo honek 6 helburu zehatz ditu: tratu txarrak edota eraso sexistak jasan dituzten emakumeei eskainitako arreta etengabe hobetzea; dauden errekurtsoen eraginkortasuna, efikazia eta aprobetxamendua hobetzea; profesionalentzako estrategiak sortzea, biktimizazio bikoitza saihesteko; emakumeen aniztasuna kontuan hartzea; emandako zerbitzuaren jarraipena eta ebaluaketa sistematizatzea; eta Udalak salaketa publikoan eman beharreko pausoak definitzea.
Tratu txar kasu baten
aurrean, 6 pauso
Protokoloan, indarkeriaren eta indarkeria mota ezberdinen definizioak ere biltzen dira besteak beste, eta horrez gain, eragile bakoitzak jarraitu beharreko pausoak zehazten dira: lehenengo harrera eta sorospena; informazioa eta aholkularitza; salaketa eta babes agindua; deribazioa; jarraipena; eta salaketa publikoa.
Hilketa kasuan,
beste hainbat pauso
Erailketa kasu baten aurrean, eragileek beste hainbat pauso jarraitu beharko dituzte. Hasteko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarri pasako diote abisua. Udaltzaingoak Udal ordezkariei jakinaraziko die gertatutakoaren berri, besteak beste, eta azken horiek eraildakoaren senide eta ingurukoekin jarriko dira harremanetan. Lehenengo pausoak eman ostean, Udal ordezkariak eragileekin bilduko dira salaketa publikoa egiteko eman beharreko pausoak adosteko. Azken pausoa, kasuaren jarraipena egitea izango da.
Beste 11 puntu, onartuta
Plenoak beste 11 puntu ere onartu zituen. Horien artean, Fondo Forala itzultzeko mailegua kontratatzea eta 2012-2015eko Plan Ekonomikoa eta finantziarioa, mailegu hori lortzeko aurkeztu beharrekoa baita. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen, EAJ-PNVk kontra eta H1! abstenitu egin zen. Karabelen hasi beharreko lanei buruzko hitzarmen bat ere onartu zen Gobernu Taldea eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. H1! abstenitu egin zen. Horrez gain, Sagastiyan dagoen Iturmendi parkea bukatu du Eusko Jaurlaritzak eta Udalak beregain hartzea onartu zen aho batez. Bestalde, Kiroldegiko taberna aurrera daraman pertsonari beste urtebetez kontratua luzatzea erabaki zen, aho batez.