SAN Joan jaiak adin guztietako herritarrek gozatzeko modukoak izatea dute helburu antolatzaileek. Hori horrela, ume zein gazteek egunez egun izango dituzte eurentzako zehazki antolatutako ekitaldiak. Gaur, txupinazoaren aurretik, haur kategoriako marrazki lehiaketa izango da, Tilosetan. Ohi bezala, Urumea ikastolak antolatu du, eta aurtengoa 35garren edizioa izango da; 09:00etan hasita. Umeentzako festa giroak, txupinazoaren ondoren izango du jarraipena. Bolariek suziria bota ostean, erraldoi eta buruhaundiak aterako dira, ume eta gazteen atzetik korrika, bizkarrak berotzeko asmoz. Ez da gainera, aterako diren egun bakarra izango; astelehen eta asteartean ere, izango da hauetaz ihesi ibiltzeko aukera. Eguerdian deskantsatu ostean, Gazte Txokoak eta kale hezitzaileek antolatutako ekitaldia izango da 16:00etan. 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, zinta lasterketa antolatu dute Latsunbe auzoan. Ordu berean, baina Txantxangorri elkartean, Miguel Olloren omenezko tiraldia jokatuko da, finalerdietan finen aritu ziren gazteek jokatuko dute gaur, final haundia.
Arrantza, emanaldiak...
Zaindariaren egunean, festak jarraipena izango du txikienentzat. Goizeko 09:00etan haur kategoriako amuarrain txapelketa jokatuko da. Eguerdi partean berriz, danbor hotsek hartuko dute herria. Etxeberri eta Santa Barbarako kantinera eta danborjoleak ibiliko dira herrian barrena, danborrak astintzen. AMHERek ere, antolatu du umeei zuzendutako ekitaldi bat aurten. Ipuin kontalari bat ariko da euskeraz zein arabieraz, Atsegindegin. Kontaketa 12:00etan hasiko da. Eta azkenik, San Joan egunean, umeei zuzendutako azken antzerkia izango da. Hipo eta Tomaxek Dinbi danba ikuskizuna eskainiko dute, 17:00etatik aurrera.
Pottoka eta zezen txikiak, Latsunben
Gaztetxo gehien erakartzen duen ekintzetako bat da pottoka eta zezen txikiena. Astelehenean, koadrila egunean, izango da hauen gainean ibili edo toreatzeko aukera; 17:30etan, Latsunben. Egun honetan aukerarik ez dutenek, astearte eta asteazkenean ere izango dute gerturatzeko aukera.
Astelehenarekin jarraituz, goizeko 10:00etan, haurrentzako parkea jarriko dute Atsegindegin. Eta arratsaldean, leku berean, Martxa ikuskizuna antolatu dute, Poxpolo eta konpainiarekin.
Ume jolasak, asteartean
Asteartean haurrei zuzendutako beste ekintzat bat izango da (erraldoi eta buruhaundien konpartsa, eta zezen eta pottoken ekintzez gain). Goizeko 11:00etatik aurrera, Antzarraren jolasak izeneko jokoak antolatu dituzte etxeko txikienenetzat, Atsegindegin. Jolasak Kulki taldeak zuzenduko ditu.
Gazteentzat ekintza
bereziak, azken egunean
Zehazki gazteei zuzendutako bi eskaintza berezi antolatu dituzte azken egunerako. Biak Gazte Txokoak eta kale hezitzaileek antolatu dituzte, 16:00etan. Giza futbolina, zezen mekanikoa eta bike loopina izango dira Atsegindegin, batetik; eta bestetik, quadsetan ibiltzeko aukera izango da. Ekintza guzti hauek 11 eta 17 urte bitartekoei zuzendutakoak dira.
Barrakak, Karabelen
Eta San Joanetako ekintza guztiez gain, barrakak ere, izango dira aurten. Karabelen jarri dituzte, eta prezioak Udalarekin adostu dituzte. Umeentzako barraketan esaterako, bidai bakoitzak 1,60 euro balioko du; helduenean, 2 euro; autotxokeetako bidaiak, 1,60 balioko du...
Barraketako prezioak
Autotxokeak
Bidai 1 - 1,60 euro
6 bidai - 8,00 euro
Helduentzako barrakak
Bidai 1 - 2,00 euro
6 bidai - 10,00 euro
Umeentzako barrakak
Bidai 1 - 1,60 euro
6 bidai - 8,00 euro
Tonbola-Saritan %70a
40 txartel, 10 euro
Salmenta
Kotoiak - 3 euro
Kokoak - 1,50 euro
Sagarrak - 2,50 euro
Txurroak (12) - 4,00 euro
Porra (1) - 1 euro
Buñueloak - 4 euro
Tiroa
Tiro 1- 1 euro
6 Tiro - 5 euro
Tiro bereziak - 2 euro
Bolak 0,50 euro
5 Bola - 2 euro