«Kirol hau da gure bizitza»

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 23a, 02:00

Aurten Hernaniko bolariek izango dute San Joan Jaiei hasiera emateko ardura, ilusioz hartu dute lekukoa eta euren 60 urteko ibilbidean izandako bizipen gazi-gozoen berri eman dute. Hernanin hiru talde daude: C.D. Hernani, Elur-Txori eta Ur-Mia. Lehenengo bi taldeetako ordezkari banarekin biltzeko aukera izan du Hernaniko Kronikak.

«Bolarik gabe ez ginateke biziko, gure bizitza dela esan dezakegu», diote C.D. Hernani eta Elur-Txori Elkarteko ordezkari diren Miguel Arrozpide eta Miguel Burugainek. Bizitza osoa bola-jokoan pasa ostean, aurten, Hernaniko C.D. Hernani, Elur-Txori eta Ur-Mia elkarteetako ordezkariak izango dira San Joan jaiei hasiera emateko arduradunak: «haundia da guretzako Udalak eta erabakitzen duten talde guztiek gu aukeratzea».

Oroitzapen gozoak
Arrozpide eta Burugain 14 urte ingururekin hasi ziren bola-jokoan eta garai haietan gazteak futbolean, pelotan edo bolan aritzen zirela diote, besterik ez zegoelako. Arrozpidek zehazki etxean zuen bolatokia, eta gurasoak eguerdian lokuluxka bat egitera joaten ziren unea erabiltzen zuen lagunekin batera bolan aritzeko: «Egunero-egunero egiten genuen zerbait zen, gutxienez ordubetez aritzen ginen. Horrela hasi zen kirola nire bizitzaren parte izaten, eta ordutik 60 urte baino gehiago pasa dira». Burugain aldiz, Akarregin bizi zen eta bere etxearen parean bi sagardotegi zituen: «han hasi nintzen brilak jar­tzen gaztetxoa nintzela. Nire hasiera hori izan zen, eta gerora ni hasi nintzen bolak botatzen». Hasierako garai haiek gogoratzerakoan giro berezia zegoela azpimarratu dute biek, bola botatzeaz gainera, apustuak egiten zirelako bolatokian, besteak beste. Apustu bereziak izaten ziren, dirua jokatzeaz gain afariak, meriendak edo sagardo errondak ere jokatzen zituztelako ikusleek.

Urte gazi-gozoak
Geroztik gauzak asko aldatu direla azpimarratzen dute. Txapelketa batean ehundik gora parte hartzaile izatetik, gehienez 70 parte hartzaile inguru izatera pasa omen da kirol hau azken urteetan. Adinaren bataz bestekoak ere beldurtzen ditu bolariak, 50-60 bitartekoa delako: «garai bateko gazte pila hori gaur egun falta da»; hala ere, onartzen dute gazte gutxi batzuk aritzen direla. Hori aldatzeko saiakera egin zuten bi gizon hauek herrian, baina hasieran ilusioz hartu zuten arren, gerora hutsean geratu da euren saiakera. «Gaur egun hainbeste kirol daude, gazteak ere ez direla iristen. Duela urte batzuk saiatu ginen haur eta gazteak animatzen, eta baten batzuk animatu ziren arren ez dute jarraitu, besteak beste, seguruenik bolatokia herriko kaxkotik urrun dagoelako», diote. Eurak nabarmendu dute oso desberdina izango litzatekeela horrelako bolatoki itxi bat Jubilatuen Etxean egotea. Hori askoz ere gertuago dago Kaxkotik, eta haurrek ere erraztasun gehiago izango lukete bertaratzeko. Hala ere, ziur dakite gazteen partehartze urria ez dela kirola gustuko ez dutelako. Duela zenbait urte Langile Ikastolako haurrei erakusten aritu ziren kirola eta harrera bikaina izan zela diote: «astean bi egunetan joaten ginen haurren jolas-ordura, eta han bai, han izugarrizko ilara egoten zen parte hartzeko; denek bota nahi zuten bola».

Nahia, esperantza eta ilusioa
«Pena bat badugu, Udalak duela hiru bat urte onartu zuen Jubilatuen Etxeko bolatokia ixtea, baina krisiaren ondorioz-edo alde batera geratu da», diote ordezkariek. Eurentzat ilusio eta esperantzaren ateak ireki ziren Udalak onartu zuenean, pentsatzen baitute horrek indar handia emango liokeela bolari, Hernanin. «Zapateroren Gobernuak garai hartan azaldu omen zuen diru kantitate bat emango zuela Etxeberri inguruko bidea hobetu eta bolatokiaren goialdea ixteko, edo hori azaldu zuten behintzat hedabideek. Bidearen hobekuntza ikusi dugu, aldiz, bolatokiak berdin-berdin jarraitzen du». Bolatoki hori ixten ez den bitartean egoera aldatuko ez dela argi dute: «Asko poztu ginen proposamena onartu zutenean, baina gaur egun ez doa aurrera eta pena bat da. Hori itxiko balitz badakit gazte jendea hasiko litzatekeela. Toki ona da, eta egun eguzkitsu batean esaterako, itzaletan gustura jolasten ari­tzeko lekua izango litzateke», dio Arrozpidek.

Euren pasioa
«Igande batean txapelketarik-edo ez badugu, desmoralizatuta pasatzen dugu eguna, zerbait falta izaten zaigu», dio Arrozpidek. Euren kirola izateaz gain, euren pasioa ere bada bola, eta gogotsu ari­tzen dira kirolean. Gainera, bolari guztiak familia bat bezala direla diote, bolatokian pikea izaten duten arren, gerora guztiak hamaiketakoa egitera-edo batera joaten dira, adibidez. Txapelketetan elkar ikusteaz gainera, ostegunero bil­tzen dira entrenatzeko. Goizean goiz geratzen dira, eta pare bat orduz aritzen dira. Horrez gain, bakarrik ere askotan aritzen dira bolan, ia egunero pasatzen dira bolatokitik, bolarik gabeko eguna eurentzat oso arraroa baita. Txapelketetan ere giro bikaina izaten dela diote, pikea izaten dutela, jendea txapelketa izan aurretik gunea ikustera eta bere estrategia zein izango den zehaztera hurbiltzen dela, baina gerora parte-hartzaile guztiak lagunak direla. «Giroa oso ona izaten da, hori mantentzen da. Baina, gaurko egunean apusturik ez da izaten, dirurik ez omen dago-eta», diote.

Aipagarria, Rosa Mari Santos hernaniarraren lana
Hernanin beti izan omen da maila bikaina, gaur egun, erakutsitako mailagatik, emakumeen artean azpimarragarria da Rosa Mari Santos hernaniarraren lana, Elur-Txori el­karteko emakumea Gipuz­koako lehenengoa izan baita aurten. Hernanin maila bikaina izan dela beti azpimarratzen dute. «Eurak txapelketa asko irabazi dituzte, eta euren aurrekoek baita ere. Hernanin bolari oso onak izan ditugu, eta ditugu egun ere». Onenetakoak beti hernaniarrak izan omen dira, eta bola modalitate hau ere hemen jaioa omen da, ez zehazki Hernanin agian, baina bai Gipuzkoan. Etorkizunari dagokionean, diote fundamentu gutxi dagoela: «gu adinean aurrera goaz eta fundamentu gutxi ikusten dugu gaur egun. Laguntza pixka batekin kirolak indarra hartzea gustatuko litzaiguke. Gu bizi garen artean hau bizirik ikusiko dugula badakigu, baina etorkizun iluna ikusten diogu. Guretzako onena gazteak gogotsu dabiltzala ikustea izango litzateke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!