Hemen ditugu berriz San Joan jaiak eta eskuartean duzu aurtengo egitaraua. Bertan, jaiak alai eta ondo pasatzeko ekintza ugari topatuko dituzu. Adin tarte guztietarako ekintzak; gustu ezberdineko pertsonek eta joera eta ohitura anitzekoek aurkituko dute hemen gogoko ekintza. 5 egunez goiz, eguerdi eta gauez San Joanak gozatzeko. Gure eguneroko kezkak, arazoak, gurekin ez dauden hernaniarren hutsuneak eta tristeziak une batez baztertzeko saiakera egin, eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen digu egitarauak.
Jaien antolaketan, Jai Batzordea osatzen dugun hainbat hernaniar eta taldek parte hartu dugu: proposamenak landu, aurkeztu, eztabaidatu, adostu eta 2012ko egitaraua osatu dugu. Ez da lan erraza izan, egoera ekonomikoak lana eskatu digulako aurrekontua egokitzerakoan. Horregatik, aurreko urteko hainbat ekintza, gutxi batzuk badira ere, ezin izango dituzue topatu aurtengoan. Ez da xamurra izan eztabaida eta erabakia, baina modu txukunean egin dugu. Eta bide honetatik jarraitu beharko dugu hurrengo urteetarako San Joan jaien egitaraua osatzerakoan.
Dena den, San Joanetan disfrutatzea eta ondo pasatzea ez dago diruarekin lotuta; herrian zehar giro ederra eta jaiak bizitzeko aukera asko izango ditugu diruarekin zerikusirik ez dutenak; eta horixe da gure asmoa eta gogoa, hernaniar guztientzat diren jaiak antolatzea. Betiere, besteak kontuan hartuz eta errespetuan oinarrituz, 2012ko San Joanak gogotsu bizitzeko gonbitea egiten dizuegu.
Gora Hernani
Gora San Joanak
Alkatea: Luis Intxauspe Arozamena
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!