san Joan suaren beroan hasiko da festa gaur gauean. Seigarren urtez, Roxario Pikabea basozainak piztuko du, iluntzeko 21:30etan. Handik aurrera, suak indarra hartu heinean, izpiritu txarrak erre eta urte oparoa eskatzeko aukera izango dute hernaniarrek.
Joan den urtean
baino txikiagoa
Pikabeak Kronikari azaldu dionez, aurten su txikiagoa egiteko agindua du: «Kaxkoan egurra duten eraikin asko dago, eta horrez gain, azken urteetan suak indar haundia hartu izan du. Horrek arriskua du, sua zabaldu egin daitekeelako, jendea asko gerturatzen delako eta suak asko berotzen duelako».
Neurri txikiagokoa izaki, egur gutxiago erreko dute aurten. Aparrainsorotik ekarriko dute, pinua. Lehendik moztua dagoela azaldu du Pikabeak, otsaila inguruan. Pinua egur ona dela dio basozainak, nahikoa baitago aukeran, eta bestelako espezieak moztea saihesten delako. Joan den urtean bezala, sua itzaltzeko agindua ere, badu aurten Pikabeak; 23:00etan itzaliko du.
Udalak sua ikustera gerturatzen direnei ere, eman dizkie gomendio batzuk: batetik, sutara ezer ez botatatzea; eta bestetik, ikusleentzako ezarriko den eremua errespetatzea.
Aurreskua eta Kantaita,
suaren inguruan
Suak indarra hartzen duenean, adin ezberdinetako emakumeek hartuko dute parte Kantaitan. Dantza eta kantu honek gogora ekartzen du, garai batean emakumeak garia biltzera joaten zirela egun honetan. Aurresku herrikoia ere ez da faltako, suaren bueltan.