Bolariek suziria jaurtiko dute gaurkoan, bost eguneko festei hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 23a, 02:00

Eguerdiko 12:00etatik aurrera, musika, kolorea eta festa giroa izango da nagusi herriko kaleetan. San Joan jaiak hasiko dira, Hernaniko bolarien eskutik. 60 urte betetzen dituzte aurten, eta egindako lana eta esfortzua saritzeko aukeratu ditu Jai Batzordeak.

hemen dira, hernaniar guztien gozamenerako, urteko jai preziatuenak, San Joanak. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira ofizialki festak, Her­naniko bolariek bandera jaso eta suziria jaurti ostean. Aurten beraiek dira omenduak, San Joan Konpartsak hala erabakita. Elur Txori, CD Hernani eta Ur Miako bolariei azken 60 urte hauetan egindako lan eta esfortzu guztia eskertu nahi diete. Hori, txupinazoaren aurretik izango da; 11:45etan, Plazan bertan. Txalapartari, bertsolari eta dantzariek hartuko dute parte, ekitaldian. Festak eztanda egiten duenean, erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira Kaxkoan gora eta behera, Triku triku doinuari jarraituta. Baita ere, Musika Eskolako txistu, dul­tzaina, alboka, trikitixa eta akordeoi taldeak eta ikasleak ibiliko dira, kaleak alaitzen. Eta Urumea txarangako kideak ere bertan izango dira, helburu berarekin.

Ekitaldiak, goizaldera arte
Egun haundia izaten da San Joan bezpera Hernanin, eta ekitaldiek ere, hala erakusten dute. Arratsaldean, zinta lasterketa izango da gaztetxoen­tzat Latsunben, 16:30etan. Plazan, haur aurreskuaren bueltan elkartuko dira herritarrak, 17:00etan. Eta tiroan abilezia duten gaztetxoek, ordu berean jokatuko dute, Txantxangorri elkartean, Miguel Olloren omenezko tiraldiaren finala. Eguneko beste ekitaldi nagusiak, 18:30etatik aurrera izango dira. Ordu horretan aterako dira errondan, Ohitura Zaharrak abesbatzako kideak. Ordu erdi geroago, sorginkeriak izango dira nagusi herrian; Akelarreko kideak ibiliko dira, hara eta hona, dantzan. Ondoren, an­tzerkia egingo dute Plazan. Meza ere, ez da faltako bezpera honetan. Salbe Nagusiaren bueltan elkartuko dira herritar ugari, San Joan Bataiatzailea parrokian. Eta irteeran, 20:30etan, San Joan Martxa joko dute Musika Bandako kideek. Eta zer litzateke San Joan bezpera surik gabe? 21:30etan piztuko dute, Plazan. Herri­tarrek aurreskua dantzatuko dute inguruan eta San Joan Kantaita ere, ez da faltako aurten. Gauerdiaren aurretik, 23:00etan, dan­bor hotsek berotuko dute herria. Santa Barbara elkarteko kideak aterako dira, herrian barrena.

Musika, herria girotzeko
 Musika ere, gustu guztietarako izango da aukeran. 23:00etan, Gau elektronikoa antolatu dute, Paket Flat kolektiboarekin, Milagrosa parean. Ordu berean, Humus, Biersbraker, Bloody, Brother Hood eta 3797 taldeek joko dute, Atsegindegin. Tilosetan ere, ez da musika faltako. Molotoff Irratiaren gunean, Reggae gaua izango da nagusi. Kioskoan, Laiotz taldeak jarriko du dan­tza erritmoa; eta txosna gunean Sound System estiloko musikak girotuko du gaua. Eguneko ekitaldien ze­rrenda Urumea txarangak itxiko du aurreneko egun ho­netan. Gorputza dantzan ja­rriko dute batek baino gehiagok, 01:00etatik aurrera, danbor, tronpeta, tronboia, txindata, eta bestelakoen atzetik segika.

Koadrilen eguna, Axeri Dantza, Sokamuturra...
Urteroko legez, koadrilen eguna hilaren 25ean izango da, aurten astelehena. Brin­disa 13:00etan egingo dute Plazan, eta ondoren, kalean gora eta behera ibiliko dira, txarangen atzetik. Aurreneko sokamuturra eta Axeri Dantza ere, egun honetan izango dira, ekainaren 25ean alegia: 07:30etan bata, eta 09:00etan, bestea. Biak ekainaren 26an eta 27an ere izango dira, goizez, ordu berean. Goi mailako bertso saioa San Joanetako egitaraua erreparatzen jarraituta, hilaren 26an, goi mailako lau bertsolari entzuteko aukera izango da: Aitor Sarriegi, Beñat Gaz­telumendi, Alaia Martin eta Iñaki Apalategi. Lauak, Gi­puzkoako txapelketako finalistak. Gai jartzen Gorka To­losa ariko da; 19:30etan, Plazan. Baserritarren egunean, dema, aizkolariak, konpartsa... Elur Txori elkarteak herri kirolez beteriko egitaraua antolatu du azken egunerako, baserritarren egunerako. In­txar­buru eta Telleriaren idi pareak 1.500 kiloko harriarekin ariko dira, 30 minututan, zeinek plaza gehiago egin. Joan-etorri gehien egiten duenak irabaziko du dema. Hori 11:30etan hasita izango da, Gudarien plazan. Ordubete geroago, aizkoran ariko dira Iñaki Azur­mendi eta Unai Otaño. 20 enbor moztuko dituzte, sei modalitatetan: golpeka, erlojuaren kontra, zutik, abiaduran, zutik-etzanda eta erdiluze lanetan. Iñaki Azurmendi Eusko Label Banakako Aiz­ko­ra txapelketako irabazlea da; eta Unai Otaño, Urrezko Bi­nakako txapelketako garailea. Eta azkeneko egunean baita ere izango da San Joan Kon­partsak urtero antolatzen duen konpartsa. 500 urte bete dira Nafarroaren konkistatik, eta gai horren inguruan egingo dute antzezlana, herrian barrena. Konpartsa 18:30etan aterako da.

Udalaren ohar eta gomendioak

SOKAMUTURRA

Ekainaren 25, 26 eta 27­an sokamuturra egingo da goizeko 07:30etatik 09:00­etara. Ibilbidea izango da: Plaza, Kar­daberaz kalea, Zapa ka­lea eta Kale Nagusia. Udalak eskatu du ibilbidearen atariak barrutik giltzatuta egotea eta bizilagunak kalera ez ate­ratzea, ekitaldiak irau­­­ten duen bitartean. Ho­rrez gain, gogoratu na­hi dute 16 urtetik beherakoek ezin dutela so­­ka­muturran parte hartu.

ZAMALANAK

Kale Nagusia, Karda­beraz, Plaza eta Zapa kaleetan, zamalanetako ordutegi be­re­zia izango da: 23an, 06:00-11:30; 25ean, 10:45-11:45; 26an, 06:00-06:45, 10:45-11:45, eta 13:15-14:00; eta 27an, 06:00-06:45 eta 10:30-11:15. 


BATZUK, LANEAN

Udaletik gogoratu nahi dute askok jaiak ahalik eta ondoen pasatzeko, beste ba­tzuk lana egiten dutela: udaltzainek, DYAkoek...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!