Emanaldietarako eszenatoki berria, Urbieta kalean

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 23a, 02:00

l Gaurkoan: erronda, Kantuz eta Ozenkiren kontzertua, San Joan martxa, Gau elektronikoa, Laiotz... l San Joanek iraungo duten bost egunetan 30tik gora musika emanaldi izango dira: kontzertuak, dj-ak, txarangak, kalejirak, bertsolariak...

SUZIRIA bota bezain pronto zabalduko dira musika doinuak Hernaniko kaleetan. Txistulari Banda erraldoi eta buruhaundiekin aterako da, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Eta Urumea txarangak ere, gauza bera egingo du. Hauek biak, eta beste 30 musika emanaldi inguru izango dira San Joan festetan, herria giro­tze aldera.

Erronda, Kaxkoan barrena
Erronda izango da eguneko emanaldi nagusietako bat. Ohi­tura Zaharreko kideek 17:15etan egin dute hitzordua, erronda egiteko. Za­harren Egoitzara joango dira lehendabizi, eta ondoren Kaxkoan barrena ariko dira. San Joan bezperako koplak kantatuko dituzte; eta baita bertsoak ere. Kopletan bertso eskolako kideak ariko dira, eta erronda, hasi bezala, bukatu ere, Plazan egingo da.

Kantuz eta Ozenki, Urbieta kalean
Emanaldietarako eszenatoki berria izango da aurten San Joanetan, Urbieta kalean (Taxi parada inguruan). Estreinatzen aurrenak Kan­tuz eta Ozenki abesbatzakoak izango dira. Gaur arratsaldean eskainiko dute San Joan bezperako kontzertua, arra­tsaldeko 18:30­etatik aurrera. AMHER elkarteak antolatutako kontzertua izango da, eszenatoki honetako bestea. San Joan egunean kulturen arteko musika emanaldia antolatu dute, 18:00etan.

Tilosetan eta Atsegindegin, emanaldiak
Laiotz taldearen berbena izango da aurten, Tilosetako kioskoan joko den kontzertu bakarra. Gaur izango da hori, 23:00etan hasita Atsegindegin berriz, azken egunean izan ezik, egunero izango dira kontzertuak. Gaur gauean Humus, Biersbraker, Bloody Brother Hood eta 3797 taldek joko dute. San Joan egunean, kon­tzertu karroza izango da, Lis­ker taldearen eskutik. Koadrila egunean berriz, Gaztea Irratiko Ohian Vegak jarriko du mar­txa, Disko festarekin. Eta azkenik, as­teartean, Lanbro artean zuzeneko musika eta dantza ikus­­ki­zuna izango da. Kontzertu guztiak 23:00etan hasiko dira. Bestalde, Milagrosa ere eszenatoki bihurtuko da. Gau elektronikoa izango da, 23:00etan hasita.

San Joan Konpartsak antolatutakoak, Plaza Berrin
Musika emanaldi ugari antolatu ditu San Joan Konpartsak, festen bueltan. Horietako bat, urtero hutsik egiten ez duena da: Fermin Valenciaren emanaldia. Plaza Berrin izango da, koadrila egunean, 20:00etan. Egun berean, baina 22:30etan berriz, Patxi eta konpainiaren emanaldia antolatu dute, eszenatoki berean. Astear­tean al­diz, Imuntzo eta Be­lokiren emanaldia antolatu dute; 22:00etan izango da.

Banden emanaldiak eta kontzertuak
Mezaren ostean, San Joan Mar­txa joaz hasiko du gaur Hernaniko Musika Bandak, San Joanen bueltan duten emanaldi sorta. San Joan egunetik aurrera berriz, goizero goizero, Dianarekin esnatuko dituzte herritarrak. Aurre­neko egunean 09:00etan izango da; eta gainontzekoetan, 07:00etan. Txistulari Bandak bihar izango du kontzertua. Hauekin, Hernani eta inguruko txistulariak, metal boskotea eta Ttarla dantza taldea ariko dira; eta zuzendaria, Patxi Apezetxea izango da. Plazan eskainiko dute, 12:00etan hasita. Zortzi abesti joko dituzte: Urretxu, Gipuzkoako himnoa, Goizeko izarra, Luzaideko dantzak, Ikurrin dantza, La Pilindros, Gernika eta San Joan zortzikoa. Musika Bandak ere, emango du kontzertua Zain­dariaren egunean. Udaleko arkupetan izango da 13:15­etan, Zipri Otxan­do­re­naren zuzendaritzapean. Bost abesti eskainiko dituzte: La gracia de Dios, El tambor de los granaderos, Olympic fanfare and theme, Soul Bossanova, When the Saints go marching in eta A Igarondo.

Txarangak, egunero
Txarangak izaten dira festetan kaleak girotzen dituztenak, eta aurten ere, egunero izango dira. Gaur, Urumea txarangak girotuko ditu kaleak, 01:00etatik aurrera. Bihar, 23:15etan, Xalaparta txaranga arduratuko da kaleak girotzeaz. Koadrila egunean berriz, noiznahi ibiliko dira: Santa Barbara, Betikoak, Incan­sables... Asteartean berriz, Betiola-Elizatxo eta Nekae­zinak txarangak ibiliko dira; goizeko 11:00etan bata, eta gauerdian bestea. Eta azkeneko egunean ere ez da faltako. Goizean Beti Egarriak txaranga ibiliko da, festak bukatzean berriz, Incansables txarangako kideak ibiliko dira, Kaxkoan barrena.

Bertsolariak, asteartean
Emanaldiekin bukatzeko, goi mailako bertsolariak entzuteko aukera izango da asteartean, Plazan, 19:30etan: Sarriegi, B. Gaztelumendi, A. Martin eta Apalategi. Gai jartzaile lanetan Gorka Tolosa ariko da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!