80 neska-mutil gaur dantzan, hain gurea den aurreskuan

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 23a, 02:00

Haurren aurreskua izango da gaur, arratsaldeko 17:00etan. Plazan saio nagusia egin ostean, Kaxkoan zehar ibiliko dira. Ondoren merienda izango dute zain, udaletxean.

San Joan bezperan ohitura den bezala, Haurren aurreskua izango da gaur. Denera, 38-40 bikotek hartuko dute parte, hau da, 80 neska-mutilek, gutxi gorabehera. Iaz zer­txobait gehiago izan ziren, 43 bikote, baina hori normala dela dio Carlos Sanchiz arduradunak. «Urte batzuetan haur gehiago animatzen dira beste batzuetan baino, baina orokorrean kopurua antzekoa izaten da». Aurten bost urte bete dituzten edo bete behar dituztenetik hasi eta 12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte. Nesken kasuan 4 urtekoak ere izaten direla azaldu du Sanchizek.

Aurten, bestetan baino lan gehiago
Denera 12 entsaio inguru egin dituzte, gaur guztia behar bezala ateratzeko. Entsaioak nola joan diren galdetuta, Sanchizek Kronikari aitortu dio aurten bestetan baino gehiago kosta zaiola. «Nik ez dakit zergatik, baina aurten entsaio askotan umeak ez dira azaldu eta bestetan baino gehiago kosta zait. Eta ondo irakatsi behar diezu bai aurreskua dantzatuko dutenei bai atzeskua dantzatuko dutenei ere». Dena dela, badaki urtero bezala, ikuskizun ederra izango dela, «oso autentikoa eta hemengoa baita Hau­rren aurresku hau», dio.

Plazan emanaldi nagusia, hasieran
Emanaldi hasieran, gaztetxoek soka bat egingo dute, Pla­za­ri buelta emateko. Segidan, aurre­­­­­nekoek aurreskua dan­tzatuko dute, eta azkenek atzes­­­kua. Gero, sokatik atera, eta desafioa egingo diote elkarri, eta amaieran arku bat egin, eta azpitik pasako dira. Ho­rren ostean, banaka, alpargata dantza egingo dute mutilek. Ondoren, lau mutilek aurreskua eta atzeskua dan-tzatu eta bikoteak plaza erdira eramango dituzte. Amai­tze­ko, hasierako zinta egingo du­te berriro, eta mutilek zor­tzikoa dantzatuko diete neskei. Azkenik, arin arina eta fandangoa dan­tzatuko dute guztiek. Plazako saioa amaituta, herritik barrena ibiliko dira dantzan, azkenik, Plazara itzultzeko. Ordu eta erdiko saioaren ostean, merienda izango dute zain udaletxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!