Miguel Angel Gorrotxategik 15 urtetik gora egin ditu Santa Barbara elkarteak antolatzen duen helduen danborradako zuzendari gisa. Tartean, urte batzuetan, ez ateratzea erabaki eta Agustin Peña ibili izan da zeregin horretan. Aurten ere Gorrotxategik ez du danborrada zuzenduko, gerriko minez dabilela eta, ezin izango baitu atera. Pablo Alonso izango da bere ordezkoa. «Zuzendari bat behar zen eta animatzea erabaki dut», azaldu dio Kronikari.
37 urtez
danborra jotzen
Alonsok esperientzia badu 37 urtez aritu baita Santa Barbara elkartean danborra jotzen, eta Hernanin bakarrik ez, Donostian ere ateratzen da hiru taldetan.
Zuzendari lanetan gustora ari dela aitortu dio Kronikari Alonsok eta ilusioa egiten diola ere azaldu du: «pentsa, 17 urterekin atera nintzen lehenengo aldiz eta hernaniarra izanik poz haundia ematen dit».
3 bat danborjole berri
Aurten 55 bat lagun aterako dira danborradan, 3-4 berriak dira gainera. Azken urteetan partaide kopurua mantendu egin da, baina orain dela urte batzuk 80 inguru ateratzen ziren helduen danborradan. Zuzendari berriak herritarrei dei egiten die datorren urtean animatu daitezen.
Danborradako partaideak, Santa Barbara elkartean afaldu ostean, gaueko 23:00etan aterako dira kaleak danbor hotsez girotzera. Kaxkoan barrena ibiliko dira, ordu pare bat 2 ordu eta erdiz. Santa Barbarako martxa eta Hernaniko martxa joko dituzte, besteak beste.
Boikotetik, ohitura
Helduen danborrada 70eko hamarkadatik egiten da. Eta hasiera batean, San Joan egunean bertan izaten zen. Antolatzileek azaldutakoaren arabera, Udalak La Verbena de la Paloma zarzuela modukoa antolatzeko asmoa omen zeukan San Joan egunean eta horri boikota egiteko asmoz prestatu zuten egun bererako, danborrada. Beraz, boikota egiteko sortu zen ekintza egun ohitura bihurtu da.
Haurren danborrada, bihar Helduak izango dira protagonista gaur, baina bihar haurren txanda izango da. Santa Barbara eta Etxeberri elkarteek urtero bezala, haurren danborrada antolatu dute. San Joan egunarekin, goizeko 11:30etan aterako dituzte danborrak kalera.