Hernaniko Kaxkardi kirol elkarteak piraguismo ikastaroa antolatu du Hernanin, lehenengo aldiz. Uztailaren lehenengo bi asteetan izango da herritar guztiei zuzendua. Piraguismoko hastapen ikastaroa izango da eta oinarrizko gauzak irakatsiko dituzte.
Ikastaroa, arratsaldez
Ikastaroa uztailaren 2tik 6ra eta uztailaren 9tik 13ra egiteko aukera izango da. Ordutegiari dagokionez, berriz, lehenengo astean 17:00etan izango da eta bigarren astean 15:30etan eta 17:00etan izango da aukera. Fagollagatik abiatuko dira. Saioak ordu eta erdikoak izango dira. Pertsonako, 47 euro ordaindu behar dira. Prezioaren barruan sartzen dira monitorea, materiala (txaleko, pala eta piragua) eta asegurua.
Denentzako irekia
Unai Alvarez Kaxkardiko monitoreak Kronikari azaldu dionez, herritar guztiei zuzendua da. «8 urtetik gorako edozeinek hartu dezake parte. Eta herritar guztientzako irekia da. Ezintasunen bat dutenentzat ere bai. Saiatu behintzat, denei erantzuten saiatuko naiz».
Helburua, ondo pasatzea
Ikastaroaren helburua piraguismoko oinarrizko teknikak ikastea bada ere, beste helburu garrantzitsu bat ondo pasatzea dela azpimarratu dute Kaxkarditik.
Izena, ekainaren 30a aurretik eman behar da: 666 428 284 edo kaxkardi@hotmail.com.