Karabelgo zubi zaharrak azken urtea du aurtengoa, 2013an bota egingo baitute, uholdeen kontrako neurri gisa. Zaharra bota, eta berria egingo dute goraxeago, eta horrez gain, paretak egiteko asmoa da, urak ateratzen diren lekuetan. Hori erabaki zuen asteartean uholdeen kontrako komisioak, eta baita beste 6 puntu ere.
Prioritatea, Hernanik eta Martutenek
Lehendabiziko bi lanak Hernanin eta Martutenen egingo dituzte. Bietan zubiak aldatu egingo dituzte, lehengo zaharrek ibaian dutelako hanka, eta horrek trabatu egiten duelako ibaia, uholdeetan. Hernanikoa 2013an egingo da, eta Martutenekoa 2014an. Martutenen ibaia zabaldu ere egingo dute.
Beste lan batzuk ere egingo dituzte Urumea ibaian. Adibidez, Loiola ETSko zubia aldatzeko lanak berehala bukatuko dira. Egiako zubia ere aldatuko da, eta Txomin-Eneako urbanizazioa egiten hastean ere neurri bereziak hartuko dira ibaian.
Komisio honetan bildu direnak honakoak dira: Eusko Jaurlaritza eta Ura agentziako kideak, Gipuzkoako Diputazioa, Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udalak, Añarbeko Urak, Espainiako Gobernuaren izenean, Kosten Zuzendaritza, eta bizilagun elkarteak.
Pleno potoloa gaur, Udalean
Karabelen hasi beharreko lanei buruzko hitzarmen bat erabakiko dute gaur Plenoan, 19:00etatik aurrera, eta horrez gain, puntu garrantzitsu gehiago ere badira:
Hiru urteko Plan Ekonomiko eta finantziarioa onartzea; Iturmendiko parkean hirigintza obrak hasteko erabakia; kiroldegiko tabernako kontratua luzatu eta aldatzea...
Horrez gain, protokolo berri bat onartu dezake gaur Plenoak, emakumeenganako indarkeriari erantzuteko.