Iban Estebez Rocok sekulako borrokaldia egin zuen eta aurrean esperientzia haundiko arerio gogorra izan arren, garaipena lortu zuen. Urnietan bizi den boxeolari oreretarrak, jokatutako lau asaltoetatik hiru irabazi zizkion Rui Carvalho portugaldarrari. Irabazi ez zuen hori, baliogabea izan zen. Estebezek Kronikari azaldu bezala, presoei eta euren senideei eskaini zien garaipena.
Borrokaldi ikusgarriak
Estebez eta Carvalhoren arteko borroka, nazioarteko profesional mailakoa izan zen. Jaialdiko azkena izan zen, baina aurretik amateur mailako 6 borroka jokatu ziren eta saio ederrez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Lehenengo borrokan, Alonso eta Alfonso neurtu ziren, pisu ertainetan, eta baliogabea izan zen.
Bigarren borrokan, pisu super arinetan, Iker Famoso eta David Hernandez izan ziren aurrez aurre eta Famosok irabazi zuen, Hernandezek borrokaldia utzi zuelako.
Hirugarrenean, oilar-pisuan, Fernando nagusitu zitzaion Davidi eta azken honek borrakaldia utzi zuen.
Laugarrenean, nesken arteko borrokaz gozatzeko aukera izan zen eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Borrokaldia baliogabea izan zen.
Bosgarrenean, pisu super ertainetan, bi boxeolariek, Jon Nagorek eta Yakoba Keitiak saio ona egin zuten eta borrokaldia baliogabea izan zen.
Seigarrenean, pisu ertainetan, Ramon Cid eta Coba lehiatu ziren eta emaitza baliogabea izan zen.
Orokorrean, gipuzkoarrek maila ona erakutsi zuten; berdinketarik izan ez zen kasuetan irabazi egin baitzuten.
Ikusleak, gustora
San Joanen bueltan antolatu ohi den jaialdi hau urtetik urtera arrakastatsuagoa izaten ari da. Antolatzaileek Kronikari azaldu diote ia 300 zaletu izan zirela jaialdian. Giroa ere sekulakoa izan zen eta ikusleak gustora geratu ziren.