AHT gelditu! Elkarlana taldearen webgunean, AHTaren nondik-norakoak azaltzen dira. Badirudi, trena Urnietako Goiburu auzotik iritsiko dela Hernanira, handik Osiñagan barrena eraikiko duten 2,44 km inguruko tunelaren bidez. Obra horren eraginik haundiena, Osiñagako Tolarieta bailaran nabarituko da. Bertan dagoen Gure Ametza baserritik 10 bat metrora ari dira eraikitzen tunel hori, Errotaran erdi eta Errotaran goikoa baserrien gainetik. Bestalde, Osiñagan bertan, Iparragirre, Altzueta eta Elorrabi sagardotegiak dauden horretan, biadukto bat eraikitzen hasiak dira, 1,18 km luze izango dituena. «Iparragirretik 9 bat metrora pasako» dela adierazi zuten AHT gelditu! Elkarlana-ko kideek, duela aste batzuk emandako prentsaurrekoan. Osiñagatik, Akarregi aldera jarraituko du AHTak, Zumaiberri etxe paretik. Erriberatxikin barrena, Ergobian sartuko da segidan. Guztira, AHTaren Hernaniko zatiak 3,2 km izango ditu. Horietatik, 1,04 km gainazaletik, eta beste 0,98 km tunel azpitik; Osiñagako eta Orkolagako tuneletatik, hain zuzen. Azken hau, Aristegi baserri gainean egingo da. AHT geldidu! Elkarlanak egindako kalkuluen arabera, 427.975 m (kubiko) lur mugitu beharko da, eta ondorioz, kamioien joan-etorriak 71.329 izango dira. Obraren kostua, 40.360.000 eurokoa izango dela aurreikusten dute. Hala ere, ez da erraza datu zehatzak lortzea. Izan ere, kaltetu batzuek onartu dutenaren arabara, «kontua isilpean daramate, eta kaltetuoi ere ez digute inolako informaziorik ematen, ez eta jasango ditugun kalteen berri ematen». Kaltetu horietako batzuk dira, hain zuzen, Errotaran erdiko Pedro Ugalde eta Errotaran goikoako Joxeba Iurramendi. «Hau desastre haundi bat da», dio Ugaldek.
Guztia, isilpean
Duela 10-15 urte inguru kasualitatez AHTaren nondik-norakoa erakusten zuen mapa batekin egin omen zuen topo Joxeba Iurramendik. Orduantxe izan zuen AHTaren berri, eta mapa begiratuta, bere etxe gainetik pasako zela ohartu zen, Osiñagako Errotaran goikoatik, hain zuzen. Ordutik, kezka buruan izan dute etxean, baina bere hitzetan, «legalki, oraindik inork ez digu ezer esan, eta obrak hasi dira, dagoeneko».
Etxerako bidea osatzen duen lur-zati txiki bat ere desjabetu diotela aipatzen du, baina horren berri ere, ez zuen zuzenean jaso. «Zerrenda bat argitaratu zen, eta bertan ikusi nuen denboraldi baterako, 3 urtetarako, lur-zati bat desjabetuko zigutela. Abokatuarekin hitz egin, eta errekurtso bat jartzea erabaki genuen. Horrek, gu informa-tzera behartzen baitzituen. Baina errekurtso asko jarri direnez, zirkular orokor baten bidez jaso dugu ezagutzen dugun informazio apurra. Auzotarren artean ere, guk geuk zabaldu dugu informazioa».
Errotaran erdiko Pedro Ugalderen hitzetan, «desastre haundi bat da. Hau guztia, zertarako? Horrelako txikizioa, zertarako? Begira zer gertatu den beste lekuetan. Edo obrak bertan behera geratu dira, edo obra egin ondoren, itxita eta erabili gabe geratu da».
Udaletxera jo izan dute behin baino gehiagotan, informazio eske, «baina bertan ere ez dakite ezer. Obraren alde egiten duten enpresek isilpean daramate guztia, eta nahi dutena egiten dute», dio Iurramendik. «Udaletxearenak diren lur-eremuak ere hartzen ditu obrak, baina bertan ere ez dakite ezer. Ahal duten neurrian lagundu digute, abokatu bat eskainiz. Ezin dute beste ezer egin».
Oraingoz, jaso duten legezko ohar bakarra, desjabe-tzea gauzatu ahal izateko Gobernu Zibilera sinatzera joateko zitazioa izan da. «Trukean emandako dirutzarekin, oporretara joan beharko dugula esaten diot nik, emazteari», dio Ugaldek, ironiaz.
Kalteak nabariagoak,
urte batzuen buruan
Errotaranekoek diotenaren arabera, «obraren kalte ba-tzuk nabaritzen hasi dira, dagoeneko. Baina hemendik urte batzuetara oraindik ere nabariagoak izango dira kalteak. Arazoa da, ez dugula informaziorik, eta ezin jakin zer gertatuko den. AHTa martxan jartzen bada, zein eragin izango duen ez dakigu, ez guk, ezta etxetik 10 metrora pasako zaienek ere, Gure Ametzako edo Iparragirrekoek, adibidez».
Ugaldek argi dauka, honek guztiak eraginak izango dituela urte batzuen buruan: «lurrak mugitzen ari dira. Gero, euria egiten badu, lurren higidura gertatuko da, eta nork daki, agian gainera eroriko zaigu. Iturburuak topatu dituztela ere entzun dut, ez dakit egia ote den. Ondorioz, proiektua behin eta berriro aldatzen dute. Baina hala ere, iturburu horietako batzuk tapatzen dituzte, eta ur hori, gerora, nonbaitetik atera beharko da».
Etsipena nagusi
Ugalde eta Iurramendik orain arte ikusitakoa azaldu dute. Osiñagatik pasako den tunela egiten ari dira; horretarako piloteak jartzen, hain zuzen. Pilote horiek jartzeko, lur dezente mugitu behar dute, eta era berean, piloteak ekarri behar dituzte.
«Errotarango zubia erabiltzen dute kamioiek, behin eta berrio. Eta pentsa, Ibarluzeko zubiak jasan dezakeen karga maximoa 7 tona ingurukoa da, eta Errotarango zubia dezente txikiagoa da. Baina 18 tona daramatzaten kamioiak pasatzen dira hemendik. Dardarak nabariak dira, eta Udala neurketak egiten ari da, zubia zenbat mugitzen den jakiteko. Erori egingo da azkenean!›, azaldu du Iurramendik. «Eta zubia ez da edonolakoa, orain arte iraun du eta!», gehitu du Ugaldek.
Kaltetuak, orokorrean, etsita daudela diote. «Horrelako mamutzar baten aurrean, etsipena da nagusi. Kontra egiterik ez dago. Guztia azkar bukatzea da espero dugun bakarra».
Kalteak, bizimoduan eta lanbidean
Arantza Eguzkitza Iparragirre sagardotegian bizi da. Etxebizitza bertan izateaz gain, lanbidea ere badu. Baserria mantentzea lortu dute, baina ingurua guztiz aldatu zaio. Sagastiak eta inguruko lur-saila erdibitu egin dituzte. 20 urte inguru daramatza AHTaren obrak kezkatuta, eta lehenbailehen amaitzea, besterik ez dute nahi etxean. Norbera bere inpotentziarekin aurkitzen da, eta errealitateari bakarrik aurre egin beharrarekin. Juridikoki zerbait egitea oso zaila da, eta okerrago amai-tzeko arriskua duzu, gainera».
AHTaren inguruan zer edo zer entzuten, duela 20 urte inguru hasi zen Arantza. «Interesa piztu zitzaidan, zein eragin jasan beharko dituzun galdetzen baitiozu zure buruari. Baina etsigarria da. Jaurlaritzara, udalera, toki guztietara jo dut, baita gobernu aldaketa egon den guztietan ere, baina informazioa falta da, beti».
2003an aurkeztu zen aurreproiektua aldatu egin zen, 2008 inguruan. Izan ere, aurreko proiektu horren arabera, Iparragirre baserria bera bota egin behar zen AHTaren obra egiteko, eta horrek, indemnizazio haundiagoa ematera behartzen zuen Adif (Trenbide Azpiegitura Administratzailea). «Horregatik, 2008ko proiektuan trenaren ibilbidea aldatu zuten pixka bat. Orain, baserritik 8-9 metrora pasako da, hau da, distantzia minimoa errespetatu dute, baserria bota behar ez izateko», azaldu du Arantzak. 2009an izan zuen honen berri, «Andoaingo udaletxera joateko deitu ziguten. Planoak erakutsi zizkiguten, baina eman, ezer ez».
Industria-gune gisa kalifikatu beharrean, gune rustiko gisa kalifikatu dute azkenean, erribera. Horrek, kaltetuek jasoko duten indemnizazioa jaitsi egin du. «Baina kalte haundiena ez da kentzen dizkizuten metro kopurua. Gure kasuan gainera, gehienak denbora baterako kendutako metroak izango dira. Arazoa da baserri osoari balioa jaitsi zaiola, eta ingurugiroa aldatu dela. Sagardotegira etortzen den jendeak ingurugiro eder bat espero du, eta kontrakoarekin egingo du topo. Hala ere, minik haundiena zerak ematen dit: jasotako ondarea transmititu nahi diezu ondorengoei, baina zer geratuko da?»
Laguntza, eskertzekoa
Arantzak lagundu dien jendea ere gogoan du. «AHTren aurkako mugimenduak emandako laguntza benetan eskertzekoa da, batez ere, erakutsitako sentsibilizazioaren aldetik. Moralki laguntza haundia eman digute, askotan, kaltetuok baino sentsibilizatuagoak egon baitira. Ahal duten informazio guztia ere eman digute». Era berean, kaltetua den neurrian «nire iritzia ez dela objektiboa» dio Arantzak, baina ez duela obra ulertzen azpimarratzen du, «ez diot onurarik ikusten».
Hala ere, badaki egiteko askorik ez dutela. Poliki-poliki bada ere, obrak beti aurrera egin duela ikusten du Arantzak. «Guk etxean hasieratik hartutako bi erabakiak izan ziren, batetik, etxea defendituko genuela, eta bestetik, ez genuela osasuna honetan galduko. Orain, egoera honekin aurrera begira-tzea besterik ez zaigu gera-tzen. Etorkizuna errealitate honetan kokatu behar dugu. Obra lehenbailehen bukatzea besterik ez dugu nahi, egokitu ahal izateko».