Ehundaka hernaniarrek hartuko dute parte gaur, Axeri Bila herri lasterketa ezagunean. 9 kilometro egingo dituzte, herriari 4,5 kilometroko bi buelta emanda. Hernaniko Atletismo taldeak eta Udalak antolatu dute 14garren edizio hau ere, eta irteera 18:30etan izango da, Urbieta kaletik; helmuga ere, leku berean izango da.
Izena emateko aukera,
bertan
Partehartzaileek maiatzaren erdialdetik izan dute izena emateko aukera, www.kirolprobak.com web orrian. Hala ere, azken orduan eman nahi dutenek izango dute aukera gaur bertan. Urbieta kalean bertan izango da aukera hori, 15 euroan.
Dortsalak eta txipak,
aldez aurretik jaso
Lasterketan parte hartzeko dortsalak eta txipak ere, Urbieta kalean jaso behar dituzte, izena eman dutenek, hasi aurretik; 16:00etatik 18:15etara. Lasterketa bukatzean, txip txuria dutenek helmugan entregatu beharko dute.
Sariak aurreneko hiruentzat, oroigarriak guztientzat
Maila bakoitzeko aurreneko hiruentzat izango dira sariak. Garaikurra jasoko dute eta Pelotadendan %10eko deskontuko balea.
Horrez gain, txapelketan parte hartzen duten guztientzat kamiseta bana izango da.
Eta azkenik, zozketak ere izango dira. Partehartzaile guztien artean zozketatuko dute Hernani Bidaiakek eskainitako asteburupasa bi lagunentzat; eta birentzat afari edo bazkaria Fagollagan, Errioguardan, Zumitzan, Zumardin, Gunean eta Arrobi jatetxeetan.
Gazteak, mailaren arabera
Helduen lasterketaren aurretik, gazteak ariko dira axeriaren atzetik, korrika. Mailaren arabera antolatu dituzte lasterketak: 17:40 Lehen Hezkuntzako 1go eta 2garren maila (300m); 17:50, 3garren eta 4garren maila (600m); eta 18:00etan, 5garren eta 6garren maila (1.200m).
Ondoren, DBHko ikasleen txanda izango da. DBH 1 eta 2koak 18:10etan aterako dira (2.400m); eta DBH 3 eta 4koak, 18:30etan (4.500m). Izen ematea debalde da, eta eskoletan eman ez dutenek gaur izango dute aukera, lasterketa hasi aurretik. Dortsalen banaketa ere, eskoletan egin dute, eta hor jaso ez dutenei, gaur emango diete. Partehartzaile bakoitzari domina eta txutxeak emango dizkiete.