Hiru hilabeteren ostean, gaur bukatuko dira Hernaniko Olinpiadak. Ereñotzuko San Antonio jaien barruan jokatuko da finala, beraz, girorik ez da faltako gaur, Ereñotzun. Herri kiroletan neurtuko dira futbol zelaian.
Ereñotzura, autobusean
Olinpiadetako partaideak
Ereñotzura denak batera joateko deialdia egin dute antolatzaileek. Goizeko 08:45etan jarri dute hitzordua Zinkoenean. Autobuseko txartela erosi beharko da, momentuan bertan. Prezioa 3 eurokoa izango da eta joateko eta bueltatzeko balioko du.
Hara iristean, 10:30ak aldera, herri kirolak hasiko dira. Bertan, sokatira, aras lama, egur pila, auzolana (txingak, lokotxak eta zakua), azeri buztana... jolasak egingo dituzte.
Bazkaria eta Olinpiaden agurra
Jokoak bukatu ostean, bazkaria izango dute zain (izena aurretik eman dutenentzat bakarrik izango da). Olinpiadei bukaera emateko, amaierako ekitaldia egingo dute arratsaldeko 16:00ak aldera Ereñotzuko plazan.
Bola Txapelketa eta Laiotz taldearekin goizaldera arte
Olinpiadak bukatu arren, festak jarraitu egingo du Ereñotzun. Hernaniko Bola Txapelketako lehenengo tiraldia izango da. Goizaldera arte parranda egiteko aukera ere izango da Laiotz taldearekin.