San Joan jaien inguruan urtero egin ohi den boxeo jaialdia izango da larunbatean, Hernanin. Hernani Sutan izeneko jaialdia gaueko 22:30etan hasiko da Kiroldegian eta maila haundiko borroka saioez gozatzeko aukera izango da. Guztira 7 borroka jokatuko dira: 6 amateur mailakoak izango dira eta bat, azkena, berezia. Profesional mailakoa izango da eta nazioartekoa. Iban Estebez Roco Urnietan bizi den oreretarra eta Rui Carvalho portugaldarra izango dira aurrez aurre. Jaialdia, Oreretako Paco Bueno boxeo taldeak eta Hernaniko boxeo, king boxing taldeak antolatu dute Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten atzo eta Beñat Amenabar zinegotziak azaldu zuen pozgarria dela halako jaialdi bat antolatzea Hernanin. «Ohiko kiroletatik beste kirol batzuetara irekitzea eta kirol horiek ezagutaraztea ona da herriarentzat. Horregatik, gonbitea luzatzen diet herritarrei jaialdira joateko».
Estebezen garaipena, preso eta senideentzat
Estebez, portugaldarri irabazteko asmotan da, baina ez dela erraza izango dio: «azeri xamarra iruditzen zait eta ikusiko da nola maldatzen garen. Dena dela, irabazteko asmoa dut eta kasu horretan, garaipena presoei eta euren senideei eskainiko diet».
Lehenengo aldiz, neskak
Aurtengo jaialdiak, beste berezitasun bat ere izango du. Lehenengo aldiz nesken arteko borroka izango da. Paola Gaitan eta Iris Ezquebo izango dira aurrez aurre. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «boxeoa beti mutilen kirola bezala hartu izan da eta hori ez dela horrela erakutsi nahi dugu».
Sarrerak, bukatzen
Sarrerak salgai daude Atxur eta Tripontzi tabernetan, 12 euroan. Egunean, 15 euroan izango dira. Haurren prezioa: 5 euro. Antolatzaileek jakinarazi dute oso ondo ari direla sarrerak saltzen eta seguruenik aurretik jarritako sarrera guztiak saldu egingo direla.
Pisaketa, Kixkalen bihar
Nazioarteko borrokako bi boxeolariak, hau da, Estebez eta Carvalho pisatuko dituzte bihar, Federazioak hala behartzen duelako. Ekitaldi irekia izango da, 19:00etan, Kixkal tabernan.