Hernani BHIko DBH 2garren mailako hainbat ikaslek Ekologia eman dute ikasturte honetan, eurek aukeratuta, eta Santa Barbarako lakua aztertzen eta txukuntzen aritu dira, Ixiar Pagoaga irakaslearekin.
Fauna eta flora aztertu dituzte eta eskaera argia egin dute: «Santa Barbarako lakua garbi eta arrain inbadi-tzailerik gabe mantentzea».
«Arrain inbaditzaileek dena jaten dute»
Egindako ikerketen arabera, Ekologia Taldekideek azaldu dute Santa Barbarako lakuan arrain ugari dagoela, baina arrain horiek inbaditzaileak direla eta lakuko fauna izorratzen dutela: «Dena jaten dute. Esaterako, bi asteren barruan bertan zeuden zapaburuak jan egin zituztela ikusi genuen. Kalte haundia eragiten dute», diote. Hori horrela, saiatu dira arrain gorriak, galapagoak eta black bassak kentzen. Arrantzan ere aritu dira, baina ez dute zorte haundiegirik izan.
Ia astero joan dira lakura eta azterketak egiteaz gain, zaborra biltzen aritu dira. Zabor pila botatzen dela bertara azpimarratu dute: gurpilak, koltxoiak...
Horregatik, Udalari kartel bat jartzeko eskatu diote, zaborrik eta arrainik ez botatzeko eskatuz. Kontuan izango duela azaldu dute Udaletik.
Iratzea nagusi
Lakuan, hainbat motatako flora ere aurkitu dute ekologia ikasleek. «Gehienbat iratzeak dira: Haritz-iratzea, Orrazi-iratzea, Xardin belar beltza, Sternogramma pozoi, Orein-mihia eta Polystichun setigerum».
Eta gaineratu dute: «Lakuaren erdian Lezka nabarmentzen da, lakuaren ingurua ihiz betea dago eta Azeri-buztana eta Electrium ere aurkitu ditzakegu. Iratzeez gain, zuhaitzak ere badaude: Lizarra, Sahatsa, Platanoa eta Makala».
Lakua neurtzen ere aritu dira eta euren neurketen arabera, 1.900 m2 ditu. «Neurketa hau egiteko arrazoia, bi tokitan bi neurri desberdin ikusi genituela izan da: Diario Vascon 2006an ateratako artikulu batean, 900 m2 eta Aranzadin 3.000 m2», azaldu dute. Metodo diferenteak erabili izanak zerikusia izango duela uste dute. Eurak soka batekin aritu dira.