Ergobiko zortzi neska, 40 plaza egiteko prest

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 13a, 02:00

Egun haundia dute gaur Ereñotzun. San Antonio eguna, hain zuzen. Eta jai egunaren bueltan ekintza ugari antolatu dituzte: herri kirolak, bertso saioak, herri afaria eta bakarrizketak...
Jende ugari bilduko da batean edo bestean, baina batez ere saltsa jarriko duena, desapiyua izango da seguru. Ergobiko neska koadrila bat eta Imanol Paollaren zaldia neurtuko dira harri tiratzen. 25 metroko plazan, 20 minutuz ariko dira, neskak 550 kiloko harriarekin eta zaldia 900 kilokoarekin. Zaldiak nesken emaitza bikoiztea da apustua.

40 plaza egiteko asmoa
Kronikak Ergobiko nesken entrenatzaile edo laguntzailearekin hitz egiteko aukera izan du; Mikelekin hain zuzen. Azaldutakoaren arabera, 8 neskek hartuko dute parte eta guztiak Ergobiko Jai Batzordeko kideak dira: neskak eta baita bera ere. «Iaz, Ergobiko festetan, Jai Batzordeko bi mutilek egin zuten apustua: baietz 900 kiloko harria mugitu. 2 plaza egin zituzten 17 minututan. Horren ondoren, neskak xa­xatzen hasi ginen. Aurtengo festetarako apustua egin dugu eta entrenatzen hasiak ziren. Ereñotzun horren berri izan dute eta desafio hau atera da hortik». Mikelek dio zaila izango dela gaurko apustua irabaztea, baina saiatuko direla. Neskek 40 plaza egiteko asmoa dute.

Abuztuaren 24an, Ergobin
Ergobiarren arteko apustua berriz, abuztuaren 24an izango da, gauez. Jai Batzordeko 8 neska eta 4 mutil izango dira aurrez aurre, zeinek plaza gehiago egin.

SAN ANTONIO EGUNA:

12:30etan, Herri kirolak Plazan. Harri-jasotzaileak: J.R. Iruretagoiena ‘Izeta II’ eta Agustin Landarbide;
aizkolariak: Mugerza eta
E. Ezpeleta ‘Bihurri’; hizlaria: Sarasola.
Ondoren, Sebastian Lizaso eta Unai Agirre bertsolarien lehenengo saioa.
18:30etan, bertsolarien bigarren saioa, futbol zelaian.
19:00etan, ‘Desapiyua’: Ergobiko neska koadrila 550 kiloko harriarekin eta Imanol ‘Paolla’ren zaldia 900 kiloko harriarekin. 25 metroko
plazan 20 minutuz.
Zaldiak nesken emaitza bikoiztuko ote du?
20:30etan, Herri afaria
plazan eta afalostea
girotzeko bakarrizketak.

Mezak:
08:00etan, Meza.
10:30etan, Meza Nagusia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!