«Garrantzitsuena bazkideak dira eta auzotarrei dei egiten diegu parte hartzeko»

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 10a, 02:00

Auzo elkarte berria sortu da Lizeaga auzoan: Gibelalde. Auzoko lagun talde baten iniziatibatik sortu da auzoko beharrak asetu eta auzoari bizia emateko asmoz eta babes bila dabiltza; hau da, bazkide bila. Ekainean zehar asteartero bilduko dira 19:30etan, Larramendi 11ko lokalean. Auzotarrei parte hartzeko dei egiten diete eta euren kejak, kezkak eta proposamenak azaltzeko.

«Orain dela hilabete batzuk Udal ordezkariek bilera bat egin zuten auzotarrekin, Udalaren bilera errondaren barruan, eta ikusi genuen jende asko etorri zela eta jendeak interesa zeukala auzoko gaien berri jakiteko. Hortik atera zen ideia auzo elkarte bat sortzekoa eta lagun ba­tzuk biltzen hasi ginen. Gestio kontuak egin ditugu eta elkartea sortu dugu», azaldu zien Jon Gonzalezek Lizeagako bizilagunei. Bera da sortu berri duten Gibelalde Auzo Elkarteko lehendakaria. Gonzalezek eta beste 6 kidek Gibelalde Auzo Elkar­tearen sorreraren berri eman zieten auzotarrei maiatzaren 30ean. Oraingoz egin dutena azaldu eta elkartea zein helbururekin sortu duten jakinarazi zieten aurkezpenean. «Guk jarri dugu martxan elkartea, baina garrantzitsuena da auzotarrek parte har­tzea. Proposatzea nola fun­tzionatu dezakeen auzoak hobeto, ze behar dauden... Izan ere, behar horiek ondoen ezagutzen dituztenak auzotarrak dira. Bilera hau da elkartearen berri emateko, baina baita ere parte hartzera gonbidatzeko. Elkartearen alderik garrantzitsuena bazkideek osa­­tzen dute. Eurek hartuko dute parte batzarretan, be­raiek bultzatuko dituzte lan talde ezberdinak, batzorde ezberdinak sortuko dituzte...», azpimarratu zuten.

Zuzendaritza Batzordea eta bazkideak
Elkartearen egituraketari da­go­kionean, alde batetik, Zu­zen­daritza Batzordea egongo da, eta bestetik, bazkideak. Lege aldetik auzo elkartea sortu ahal izateko Zuzenda­ritza Batzordea osatu behar zenez, elkartearen bultzatzaileetako batzuk sartu dira zuzendaritzan. Horrela egongo litzateke osatua: Jon Gon­zalez (lehendakaria), Boni Al­da­regia (lehendakariordea), Javi Esparza (idazkaria), Txo­min Pavon (diruzaina), eta Juanjo Sagarna eta Mariano Rivero (bokalak). Dena dela, gogorarazi dute bazkideak izatea dela garrantzitsuena: «gero eta gehiago izan, gero eta indar gehiago izango dugu gauzak lortzeko», diote. Funtzionamenduari dagokionean, zuzendaritza eta bazkideak Batzar Orokorretan bilduko lirateke. Organo hori denen gainetik egongo litzateke eta erabakiak bertan hartuko lirateke. «Bazkideek eskubidea dute batzarrean ahotsa eta botoa izateaz gain, proposamenak egiteko, zuzendari­tzan aldaketak proposatzeko... Beraiek dira agintzen dutenak», azpimarratu dute. Oraindik ez dute zehaztu, baina ohi den bezala, bazkideek kuota bat ordainduko dute. Aurreratu zutenez, 12 euro inguru izango da urteko kuota.

Bilerak asteartetan
Auzotarren kejak, kezkak, proposamenak... biltzeko, hilabeteko lehenengo asteartetan elkartuko dira elkarteko kideak. Larramendi 11 behean dute lokala (Dobera, Kronika, AEK... dauden lekuan) eta bertan izango dira 19:30etatik aurrera. Jakinarazi dutenez, bazkide kanpaina dela eta, ekainean zehar asteartero bilduko dira. Helbide elektroniko bat ere badute harremanetarako eta informazioa lortzeko: lizeagaelkartea@gmail.com. Auzotarrei dei egiten diete animatzeko eta auzoa hobe­tzeko duten edozein ideiaren berri emateko. Auzotarren artean ere ahoz aho elkartearen berri zabaltzeko ere eskatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!