200 bat lagun korrika gaur, Oindin gora eta behera

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 10a, 02:00

San Antonio Jaien barruan, Ereñotzuko Mendi Lasterketa izango da gaur goizeko 10:00etatik aurrera. Aurten ere sekulako arrakasta izan du eta parte hartzaile kupoa bete egin da. Plazan hasi eta bukatuko da, Oindi igota (13 km).

San Antonio Jaien barruan, Ereñotzuko Mendi Lasterketa antolatu zuten iaz lehenengo aldiz eta sekulako arrakasta izan zuen. Aurtengo edizioak ere bide beretik jarraitu du eta parte hartzaile kupoa bete egin da; 200 korrikalarikoa, hain zuzen. Beraz, 200 bat lagun inguru Oindin gora eta behera korrika ikusi ahal izango dira gaur. Goizeko 10:00etan abiatuko dira Ereñotzuko plazatik eta Oindi igo eta jaitsi ostean plazan bukatuko dute lasterketa. Lasterketaren epe muga 2 ordu eta erdikoa izango da. Dor­tsalak jasotzeko, parte hartzaileek 09:00etatik 09:30­ak bitartean azaldu beharko dute.

13km eta 630 metroko desnibela
Ibilbideari dagokionez, parte hartzaileak Ereñotzuko plazatik hasita Latxe eta Pikoa­gatik barrena Zuluetako gainaraino joango dira. Bertatik kaxkoz kaxko, Oindiko tontorreraino egin beharko dute eta handik behera, inguruko mendi bailarak eta itsasoa ikusiz. Usategietako baserriraino iritsiko dira eta jarraian Fagollagara. Azkenik, bidegorri berritik barrena Ereño­tzuko plazan helmugaratuko dira. Denera 13 km-ko ibilbidea izango da eta desnibel metatua 630 metrokoa da. Kontrol puntu nagusia Oin­di­ko tontorrean izango da. Lasterketan zehar jan-edari postuak izango dira platano eta laranjekin. Eta bukatzean, pintxoak eta salda izango dituzte parte hartzaileek.

Sariak guztientzat
Sari nagusiak lehenengo 3 emakumezkoentzat eta 3 gi­zo­nezkoentzat izango dira, baina parte hartzaile guztiek izango dute opariren bat: ka­miseta, opari sorpresa eta 10 euroko bonoa Ibai Mendi ki­rol dendan gastatzeko. Ho­rrez gain, zozketa mordoa egingo da Hernaniko denda eta tabernek oparitutako gauzekin (afariak, gaztak, txuletak, pastelak, edariak, arropak...).

Ez deskalifikatzeko, aholkuak
Antolatzaileek jakinarazi du­te­nez, lurrera paper, botila edo beste edozer zikinkeria bo­ta­tzea deskalifikatzeko arra­­zoia izan liteke. Ibilbi­de­tik ateraz gero, lasterketatik kanpo geratuko da korrikalaria.

Iazko lehenengo ereñotzuarra, bertan
Iaz, lehenengo hernaniarra Zi­gor Iturrieta izan zen gizonezkoetan (sailkapen orokorrean bi­garren geratu zen); emakumezkoetan berriz, Ines Arreitu­nandia. Eta Ereñotzu­ko bizko­rre­na Iñaki Gorro­txa­tegi izan zen. Gaur ere bertan izango da.

Datuak:
Ordua: 10:00
Mota: Mendi Lasterketa.
Distantzia: 13 Km
Irteera: Ereñotzuko plaza.
Kontrol puntu nagusia: Oindiko tontorra.
Helmuga: Ereñotzuko plaza.
Desnibel metatua: 630 metro.
Iraupena: Gehienez 2 ordu eta erdi.
Dutxa zerbitzua: Ereñotzuko eskolako dutxak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!