Ergobiko neskek harri-tiraka zaldiari desafio, San Antonio Egunean

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 10a, 02:00

Urteroko moduan, San Juan Jaiak iristear dauden honetan, Ereñotzun ospatuko dira festak. Aurten, herri kirolak, mendi lasterketa, gazteen arteko probak eta kontzertu bereziak izango dira protagonista. Ongi pasatzeko aukera izango da ekainaren 17ra bitartean eta gauean ere ongi pasa ahal izateko autobus zerbitzua egongo da.

Irati Sarasua Arabaolaza

Festak asteartean ilunabarreko 20:00etan hasiko diren arren, honen aurretik zenbait ekintza ere burutu dira eta burutuko dira Ereñotzun. Ho­rien artean garrantzia har­t­u du, gaur Oindi mendian egingo den lasterketak. Anto­latzen den bigarren urtea izanik, jendeak ilusioz ekingo dio bideari. Horrez gain, ostiralean Mus Txapelketa jokatu zen eta atzo Umeen Eguna ospatu zuten. Baina esandako moduan, ofizialki asteartean hasiko dira jaiak. Ilunabarreko 20:00etan izango da festei hasiera emateko eta herritarren poteoa egiteko momentua. Horren aurretik, Txirrita Ikastolako haurrek emanaldia eskainiko dute 15:00etan.

Herri kirolek eta bertsolariek hutsik ez, San Antonio Egunean
Horren ostean, asteazkenean, San Antonio egunean, herri kirolen eguna izango da. Eguerdiko 12:30etan, plazan, Iruretagoiena eta Izeta arituko dira harrijasotzen eta Mugerza eta Ezpeleta Bihurri aizkoran. Ondoren, bertso saioa izango da leku berean. Bertan Sebastian Lizaso eta Unai Agirre arituko dira. Bazkalordura arte ariko dira plaza girotzen eta arratsaldean, 18:30etatik aurrera, bigarren saio bat eskainiko dute.

Ergobiko neska kuadrila zaldiaren aurka
Desafio polita ere antolatu dute festa egun nagusirako. Ergobiko neska kuadrila 550 kiloko harriarekin eta Imanol Paollaren zaldia 900 kiloko harriarekin neurtuko dira 25 metroko plazan, 20 minutuz: Zaldiak nesken emaitza bikoiztuko ote du? Eguna behar bezala agur­tzeko, afari herrikoia eta bakarrizketak izango dira. Afarira joan nahi dutenek txartela erosi beharko dute. Salgai daude Irrintzi tabernan.

Kupela taldea ostegunean eta Esne Beltza ostiralean
Ostegunean festen elkargunea Ugaldetxo izango da. Bertan pelota partiduak eta toka txapelketa izango dira. Eguna amaitzeko, Kupela taldearekin erromeriaz gozatzeko aukera izango dute hurbil­tzen diren guztiek. Ostiralean, berriz, gauerdian Denak Plazara! ekimena egingo dute, euskal preso eta iheslariak omenduz. Horren ostean, Esne Beltza talde ezagunaren kontzertua izango da, eta amaitzeko, DZren emanaldia.

Gazteen Egunarekin, Olinpiaden agurra
Larunbatean, egun osoan zehar, Hernaniko Olinpiade­tako finalak ikusteko aukera izango da. Herri kirol probak izango dira. Arratsaldean giroa alaitzeko batukada izango da eta gauerdian Laiotz taldearen musikarekin dantza egiteko aukera.

Bukatzeko, sagardo probaketa eta bertso jaialdia
Azken egunean, hau da, gaur zortzi, Diana izango da goizeko 08:30etan. Ondoren, 11:30etan, urtero bezala Her­naniko eta inguruko sagardoa probatzeko aukera ederra izango da. Eta arratsaldeko 19:00etan bertso jaialdia punta-puntako bertsolariekin: Maialen Lujanbio, Agin Rezola, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Andoni Egaña. Zozketa eta suziriekin amaituko dira festak.

Autobus zerbitzua ostiral eta larunbat gauean
Ostiral eta larunbat gauean, autobus zerbitzua egongo da. Zinkoeneatik 00:00e­tan eta 03:00etan abiatuko da autobusa Ereñotzu aldera. Alde­rantziz berriz, 00:30e­tan, 03:30etan eta 07:00etan izango dira autobusak. 


Egitaraua

Gaur:
10:00 Ereñotzuko II. Mendi Lasterketa.

Ekainak 12, asteartea:
15:00 Txirrita ikastetxeko kurtso bukaerako jaialdia.
20:00 festen hasiera eta poteoa.

Ekainak 13, asteazkena:
12:30 herri kirolak eta
bertso saioa.
18:30 bertsolariak.
19:00 desapiyua.
20:30 afari herrikoia eta bakarrizketak. (txartelak
salgai, Irrintzi tabernan).

Ekainak 14 (Ugaldetxon)
17:00 pelota partiduak.
19:00 toka txapelketa.
20:30 erromeria Kupela
taldearekin.

Ekainak 15, ostirala:
00:00 Denak plazara! eta Esne Beltzaren eta DZren kontzertuak.

Ekainak 16, larunbata:
Egun osoan Hernaniko gazte olinpiadetako finalak. Herri kirol probak.
Arratsaldean batukada.
17:00-18:00 Bola eta Toka; Hernaniko Txapelketarako saio puntuagarria.
00:00 Laiotz taldea.

Ekainak 17, igandea:
08:30 diana, Hernaniko
txistulariekin.
11:30 sagardo probaketa.
19:00 bertso jaialdia, errifa zozketa eta suziriak.

Elizkizunak San Antonio parrokian:
Ekainak 12an, 19:00etan Meza.
Ekainak 13an, 08:00etan eta 10:30etan Meza Nagusia.
Ekainak 17an, 10:00etan Meza Nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!