Invertidos y rompepatrias liburua aurkeztuko du gaur, C. Piro egileak

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 6a, 02:00

XX. mendeko mugimendu ezkertiarretan egondako homofobia salatzen du egileak liburu honetan. Aurkezpena 19:00etan izango da, Ikatza Liburugunean. Ekintza gehiago ere izango dira hil honetan.

Ekainaren 28a Askapen Sexualerako eguna dela eta, gai hau jorratzeko ekintzak antolatu dituzte, hil honetarako, Ikatza Liburugunean.
Gaurko liburu aurkezpenak emango die hasiera ekainerako programatutako ekin­tzei. C. Piro idazleak ‘Invertidos y rompepatrias’ liburua aurkeztuko du. Ber­tan, XX. mendeko mugimendu ezkertiarretan (sozialista, abertzalea, anarkista, komunista...) egondako homofobia salatzen da. Ikerketa historikoa egin ostean, egungo egoera ere aztertuko dute. Aurkezpena, 19:00etan izango da, Ikatza Liburugunean bertan.

‘Hedwig and the Angry Inch’ pelikula eta kurtso amaiera
Gaurko liburu aurkezpenaz gain, ekintza gehiago antolatu dituzte ekainerako.
Hurrengoa, datorren asteartean izango da, hilak 12. Gaueko 22:30etan, ‘Hedwig and the Angry Inch’ pelikula proiektatuko dute Karbonera ondoan. Pelikula honetan, abeslari trabesti talde baten istorioa kontatzen da. Taldeak, bira musikal bati ekingo dio, eta kantuen bidez, protagonisten istorioa kontatzen da. Genero eta sexuaren arteko mugak lausotu eta kolokan jartzen dira, identitatearen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Queer panoraman azken urteetan agertu den pelikula esanguratsuenetako bat da.
Bestalde, hil honen 19an, pikoteoa antolatu dute Ikatza Liburugunean bertan. Honekin, aurtengo kurtsoari agur esango diote. Izan ere, Ikatza itxita egongo da udan. Hala ere, Ikatzako kideekin harremanetan jarri nahi izanez gero, email bat bidali dezake nahi duenak, ondorengo helbide honetara:
ikatzahernani@gmail.com. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!