Mendiriz mendi Mendiriz Mendik Errioxara antolatu du ekaineko irteera. Hain zuzen, Cebollerako Parke Naturalera joango dira. Inguru hori oso aberatsa da fauna eta flora aldetik.
Bailara ikusteko aukera
Ibilbidea, Pajares urtegitik gertu dagoen Lumbreras herritik hasiko dugu. Herrian Virgen de la Torre baseliza dago.
Pajares herria urtegiko uren azpian geratu zen urtegia eraiki zutenean. Bertako biztanle gehienak Lumbreras herrira joan ziren eta bertara eraman zituzten herriko elizaren bitxi eta irudi preziatuak.
Ibilbidean zehar majada pare bat ikusteko aukera izango dugu. Majada bat inguru hauetako osagai kulturala da. Txabola da, harriz eginiko hesi batez inguratua. Hesi horren barruan abereak gordetzen ziren gauean, eta txabolan, artzainek edo bere morroiek lo egiten zuen.
Oreina ugariren bizileku
Ibilbidearen erdi aldera Virgen de Lomos de Orios baseliza dago. Bertan Virgen Santisima de Losmodorios irudia gordetzen da. Tradizioak dio irudia Mesa de Cebollera izeneko paraje bateko haritz batean agertu zela. XVIII mendearen amaieran su hartu zuen eta berritua izan zen. Gaur egun bi erromeria egiten dira bertara: uztaileko lehenengo igandean egiten den Las Corderas izeneko erromeria; eta Berpizkunde ondoren, lehenengo igandean, egiten den Los Torreznos izenekoa. Ermita inguruan harriz eginiko kale moduko eraikin batzuk daude. Lehen paraje hauetan, ganadua jasotzen zenean, abereak kontatzeko balio zuten. Eginkizun hori elizaren aurrean eta apaizaren ikuskaritzapean egiten zen, gerta zitezkeen liskar edo konfliktoak lehenbailehen konpondu eta argitzeko.
Inguru guzti hau oso aberatsa da fauna eta flora aldetik. Parkean ugariak dira oreinak. Noizbehinka ere otsoaren arrastoak aurkitzen dira. Inguru hauetako hainbat erreketako ur garbietan igaraba (nutria) bizi da. Hala ere, ia ezinezkoa izaten da horietako bat ikustea arratsean edo gauean baitira aktiboak.
Haritz eta erkametzen
artean, oreinak ikusten
Lumbreras herrira sartzeko bidegurutzera iritsi baino metro batzuk lehenago, errepide ertzean, eskuin aldean, pista bat irteten da. Pista horri jarraituz, pasagune kanadar bat igaro ondoren, Pajareseko urtegira iritsiko gara.
Presaren etxe alboan urtegia inguratzen duen pista utzi eta eskuinera egin behar da. Inguru hauetan ohikoa izaten da oreinak ikustea.
Basotik irteterakoan goiko soro eta txilardegietan sartuko gara. Apur bat aurrerago Rulaga errekaren iturburua den iturrira iritsiko gara. Igotzen jarraitu behar da Collado de Sancho Viejo lepora iritsi arte. Lepo honetatik pista del Sillar izeneko bideari jarraituko diogu. Zati hau nahiko laua eta desnibel txikikoa da. Pistak Majada del Ofilo izeneko parajea zeharkatzen du.
Alto de Achicharrera iritsi baino lehen bideak gora egiten du. Lepo honetan bidegurutze bat dago. Hego-mendebaldera egingo dugu, Lomos de Orios ermitara. Bidea jarraitu eta berehala gara bertan.
Ermita eta bere inguruko eremua oso leku polita da. Plaza moduko bat du eta ehunka urte dituzten lizar eta makalez inguraturik dago.
Igaraba bizi den erreka ondotik
Bideari jarraituz hego aldera egin behar da. Bideak hasieran gora egiten du, baina berehala aldapa behera jotzen du. Soro batzuk zeharkatu eta iturri baten ingurutik pasa ondoren, pistara irtengo gara eta bertatik jarraitu behar da. Pistaren bi alboetan parke barruan ohikoak diren pinudiak aurkituko ditugu. Apur bat aurrerago pista utzi eta eskuinera egiten duen bidezidorra hartu behar da. Bidezidorrak Majada de las Desecadas izeneko eremura eramango gaitu. Bertan chozo bat eta harrizko bi hesi berritu dira.
Bideak pinudi batetik zehar behera egiten du. Jaitsiera honek errekara hurbiltzen gaitu, baita Puente de Ra-ko pistara. Pista hau gora, ezker aldera, hartu behar da. Pagadi baten barrutik pistatik kilometro inguru egin ondoren errekak sortzen dituen ur-jauzi batzuetara iritsiko gara. Oso leku lasaia eta polita.
Hemendik berriz atzera egin behar dugu eta Pista de Ra delakora itzuli. Puente Ra zubira iritsiko gara. Hoyos de Iregua pistari jarraituko diogu ler eta pagoen artean. Erreka honetan igaraba bizi da. Pistak La Blanca izeneko atseden-lekuan, ibilbidearen amaieran, utziko gaitu.
DATU INTERESGARRIAK
Distantzia: 19 Km.
Denbora: 6-7 ordu.
Desnibela: 600 m.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa, baina ibilbide luzea.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik ekainaren 9 eta 10ean egingo du irteera hau.
Izen ematea: astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara, Iturregi z/g. Azken eguna, ekainaren 8a.