Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko 25 taldek aurkeztu dituzte beren maketak Donostiako Piraten 5. Musika Lehiaketan. Talde irabazleak, Donostiako Aste Nagusian kontzertua emateko aukera izango du, Trinitate plazan. Aurkeztu diren 25 taldeetatik 9 finalerdietara pasa dira; BeHatxeRoja talde hernaniarra, horien artean.
Ezustea
Mikel Olabide, Unai Dasilva, Enaitz Senperena, Mikel Salaberria, Mikel Garcia, Aitor Sesma eta Beñat Alvarezek osatzen dute BeHatxeRoja taldea.
Gehienek ordea, ez zekiten Piraten Lehiaketan parte hartzen ari zirenek ere. Olabidek Kronikari azaldu dionez, «taldekide batek, gainontzekoei ezer esan gabe bidali zuen maketa. Nik orain gutxi jakin dut, eta gainera, twitter bidez!».
Ezustean harrapatu ditu finalerdietara iritsi izanak, baina «oso pozik» daudela ziurtatzen dute. «Finalerdietan dauden beste 8 taldeetako batzuk ezagutzen ditugu, eta gu baino maila altuagoa dutela iruditzen zaigu».
Kontzertua, 15ean
Finalerdiak 3 egunetan jokatuko dira. Talde bakoitzak kontzertu bat eman beharko du. Lehenengo 3 taldeek gaur joko dute. BeHatxeRojak berriz, 15ean joko du, Groseko gaztetxean. Azken 3 taldeek 22an joko dute.
Irabazleak, Donostiako Aste Nagusian kontzertua emateko aukera izango du.