Magisteritza eta Enpresaritza ikasi ahal izateko, azken urratsa

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 3a, 02:00

Milaka ikaslek Selektibitatea egingo dute datorren astean Hego Euskal Herrian. Tartean izango dira hernaniarrak. Unibertsitatean ikasi ahal izateko selektibitatea gainditu beharko dute gazte horiek eta azken urratsa emateko lanean dabiltza burubelarri. Biteriko ikasgeletara joatea besterik ez dago hori ziurtatzeko. Kronika bertan izan da eta Iñigo Arregi eta Ander Polainarekin aritu da hizketan azken txanpa nola daramaten jakiteko. Arregik Donostiako Lizeo Santo Tomasen egin du Batxilergoa, biosanitarioa, eta Magisteritza ikastea du helburu. Selektibitatean 8 gainetik atera beharko du horretarako eta erraza ez izan arren saiatuko dela azaldu du. Egunean 2-3 orduz aritzen da Biterin ikasten, nahiago du lagunartean ikasi etxean baino. Oraingoz lasai dagoela aitortu du, baina asteartean ikusiko dela. Polainak, berriz, letretako Batxilergoa egin du, Hernaniko Institutuan. Enpresaritza egiteko asmoa du eta selektibitateak ez du askorik kezkatzen. «Iaz enpresaritza egin nahi zuten guztiek lortu zuten eta aurten ere hala izango dela pentsatzen dut», dio. Polainak ere nahiago du Biterin ikasi, «hemen makinarik ez baitago». Selektibitatea asteazkenean hasiko da eta ostiralera bitarte gai ezberdinetako 7 azterketa izango dituzte ikasleek. Aukeratutako Batxilergoaren arabera ere, ezberdinak izango dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!