Langile akreditatuak. Horixe da etorkizuna eta Hernani Institutuan horri begira ari dira lanean. Halaxe azaldu diote Kronikari Kepa Zamalloa ikasketa buruak eta Kontxi Urnieta zuzendariak: «Hemendik aurrera lanpostu guztiak erregulatu egingo dituzte. Pixkanaka hasi dira. Orain anbulantziekin lan egiten dutenekin ari dira. Hurrengo urtean, etxeetan pertsonak zaintzen dituztenekin... Kontuan izan behar da, hemendik aurrera langile guztiek akreditatuta egon beharko dutela. Beraz, gaur egun garrantzia haundia dauka formakuntzaren jarraipenak eta horretan ari gara lanean. Horregatik da gure lema, Etorkizuna landuz». Hori horrela, maila ezberdinetako zikloen bidez ikasleak lan mundurako prestatzeaz gain, Hernani Institutuak enpresei, langileei eta langabetuei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen ditu; esaterako, Teknika zentruko eta Zerbehar sareko kide izanik, eskaintzen ditu: Enpresei diagnostikoak, aholkuak, langileei formakuntza enpresaren beharren arabera… Arlo honetan, Lanbide, Hobetuz eta Fundacion Tripartitarekin ere elkarlanean ari da.
Gizarte eta kultur animazioa, arrakastatsua
Esan bezala, Hernani Institutuak lan mundura salto egiteko prestatzen ditu ikasleak besteak beste, eta horretarako maila ezberdinetako zikloak eskaintzen ditu: Goi Mailako zikloak, Erdi Mailako zikloak eta PCPIak edo DBHko titulurik ez dutenentzako zikloak. Goi Mailako zikloetan, ohiko eskaintza dago, alde batetik: Fabrikazio mekanikoko diseinua; eta Sistema elektrotekniko eta automatizatuak. Eta bestetik, eskaintza berria: Animazio soziokulturala eta turistikoa. Azken kurtso honetan Gizarte eta kultur animazioa izeneko ziklo berria izan dute eta aurrez aipatutakoa, horren antzekoa izango da, baina LOE legera egokitua. Gizarte eta kultur animazioa zikloa oso arrakastatsua izan dela azpimarratu dute eta gustora daude. Ziklo honekin aukera dago lan egiteko; talde dinamikan, gazte eta helduekin, erresidentziatan eta ospitaletan, hoteletan...
Merkatuko azken teknologia berriekin lanean
Heziketa Zikloak Karmelo Labakako eraikinean ematen dira eta instalazioak, tailerrak eta makinak berrituta dauzkate. Horrez gain, software teknikoa berritu eta egokitzea ere kontuan izaten dute. «Alde teknologikotik ere egokitzen goaz eta azken bertsioak erabiltzen ditugu. Merkatura atera bezain pronto hona ekartzen ditugu». Orain esaterako, Fabrikazio mekanikoko diseinuan programa hauek darabiltzate: Solidworks 3D (2011), Autocad 2D (2012), Moldflow (2012) eta NX 8.0. Sistema elektrotekniko eta automatizatuak zikloan, berriz: CAD elektrikoa, Domotika eta Telebista Digitala. Irakasleak ere liberatu egiten dituzte beharrezko formakuntza jasotzeko.
Behin aukera eginda,
aurrematrikula egiteko garaia
Erdi Mailako zikloetan 3 aukera daude: Mekanizazioa; Instalazio elektriko eta automatikoak; eta Telekomunikazio instalazioak. PCPIn, mekanizatze-langilea izateko formakuntza jasotzen da.
Horrez gain, enpresetan praktikak egiteko aukera ematen du Hernani Institutuak eta praktikak kanpoko herrialdeetan egiteko aukera ere izaten da Leonardo eta Erasmus programen bidez.
Heziketa Zikloren bat egin nahi izanez gero, orain da aurrematrikula egiteko garaia. Epea zabalik egongo da ekainaren 8ra arte. Izena emateko: Karmelo Labaka, 7; edo 943 55 19 58.