Guztiek parte hartzeko moduko jaiak

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 2a, 02:00

Aurtengoan ere haur, gazte eta helduek parte hartzeko helburuarekin ekintzaz betetako egitaraua sortu dute, Osiñagan. Auzoko jaiak izanik, auzokide guztiak bildu eta ingurukoak hurbiltzea gustatuko litzaieke antolatzaileei. Guztientzat bideratutako ekintzak egongo direla azpimarratzen dute.

Gaur hasiko dira jaiak. Goizean zehar haurrak izango dira protagonistak eta arra­tsaldean herri kirolek hartuko dute lekukoa. Mountain bikean aritzeko aukera izango dute goizeko 10:00etan haurrek eta ondoren, haur jolasak egingo dira auzoan. Horren ostean bazkaria, eta hau amaitzean herri kirolen txanda izango da.

Arratsaldean, bi koadrila nor baino nor
Bi koadrilaren arteko desa­fioa izango da nagusi gaur arratsaldean, aizkora, txinga eta korrika probatan. Hori amaitzean, 19:00etan bertso eskolako ikasleek ber­tso saioa eskainiko dute eta horrez gain, sagardo eta bakailu dastaketa izango da, auzoko trikitilariek giroa jartzen duten bitartean. Eguna amaitzeko, Laiotz taldearekin dantzaldia izango da 20:30etatik 22:00etara eta 00:30etatik aurrera, eta tarte horretan gazteek antolatutako ekintza sekretuan ongi pasatzeko parada izango da.

Auzotarrak protagonista, bihar
Bihar ordea, goizean auzokoei bideratutako ekintzek osatuko dute egitaraua eta arra­tsaldean, berriro ere, inguruko jendea bildu asmoz, abere dema izango da. Goizean, azaldutako moduan, auzokoei omenaldia egingo zaie eta horren ostean, helduen arteko pelota partiduak eta bertso saioa izango dira. Bazkari herrikoiak hartuko du nagusitasuna bihar, auzokide guztiak biltzeko unea izaten delako eta giro aparta sortzen delako bertan, hau Arriatsun izango da. Eta horren ostean, abereak izango dira; abere deman Imanol Paollaren eta Azkonobieta­ren zaldiek parte hartuko dute, bakoi­tzak 800 kiloko harria tirata. Festei amaiera emateko Xapre taldearekin dantzatzeko aukera izango da, talde hau egun osoan arituko da trikitixa jotzen. Auzokideek argi dute ongi pasatzea dutela helburu eta antolatuko diren hainbat ekintzatan inguruko jendeak parte hartzea ere gustatuko litzaieke. Festa guztietan bezalaxe, koloreek, adin guztietako jendeak, eta irriek hartuko dute nagusitasuna festa hauetan ere.

AGURRA

Zenbat hondamen gertatu
diren aurten Osiñagan,
elurteaz dena geldi
uholdeaz dena hegan,
Elorrabiko zubia
urak ez al zuen eraman
gutxi balitz AHTeko
obrak hemen, zuloa han,
zailtasunei aurre egin
etorri, ez egon dudan
dena hankaz gora den arren
ekainaren hasieran
giro ona izango da
Urumeako bailaran,
Osiñagan festak dira
zenbat maitatzen zaitudan.

Jai Batzordea

EGITARAUA

Gaur:
10:00etan mountain bike haurrentzat, auzoan. Ondoren, hamaiketakoa partehartzaileentzat.
12:00etan txupinazoa eta haur jolasak.
14:00etan bazkaria, guretzat.
16:30etan auzoko gazteen artean, pelota partiduak.
17:30etan herri kirolak, bi koadrilen arteko desafioa: aizkora, txinga eta korrika.
19:00etan bertso eskolakoekin, bertso saioa.
Ondoren sagardo eta bakailu dastaketa.
Bitartean auzoko trikitilariak ariko dira.
20:30etatik 22:00etara dantzaldia Laiotzekin.
00:30etan dantzaldia berriro Laiotzekin.

Bihar:
Egun osoan zehar Xapre trikitixa taldea.
12:00etan auzokoak gogoratuz beheko zubian.
12:30etan helduen arteko pelota partiduak.
13:00etan bertsolariak: Telleria eta Peñagarikano.
14:00etan bazkari herrikoia, Arriatsun.
18:00etan abere dema ikusgarria: Imanol Paollaren eta Azkonobietaren zaldiak. 800 kiloko harriarekin.
20:00etan dantza Xapre taldearekin.

Bi egunetan:
Erakusketa: auzoko gertaerak eta bestelakoak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!