Sorpresaz beteta datoz Osiñagako Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 2a, 02:00

Osiñagako Jaietan aurtengoan gazteek ekintza berezi bat antolatu dute. Ekintza zein den ez dute esan izan nahi eta ezkutuan darabilten arren, helburua musikarekin ongi pasatzea izango dela diote. Haur, gazte eta helduak biltzea gustatuko litzaieke Osiñagako gazteei eta ilusioz antolatu dute ekintza, ohitura zaharrak mantendu asmoz.

Asteburuan zehar antolatutako ekintzen helburua izango da, auzoko eta auzotik kanpoko ahalik eta jende gehien bildu eta elkarrekin ongi pasatzea, urteroko moduan. Aurtengo egitarauak ordea badu berezitasun bat Laiotz taldearen kontzertuaren artean gazteek ekintza bat antolatu baitute, sekretua den ekintza. Garai batean auzokideek euren artean umore jokoak egiten zituzten, ipurdi lehiaketa besteak beste. Ohitura bereziak mandendu asmoz, eta auzoan ongi pasatzeko helburua izanik gazteek aurtengoan ekintza berezi bat antolatu dute gaur gauerako. «Jendea animatzea da ga­rran­tzitsuena guretzako, eta festetara hurbiltzen diren guztiek oso ongi pasatzeko ekin­tza izango dela badakigu; musikaz lagunduta ongi pa­satzeko unea izango da», dio ekintza honen antolatzaileetako bat den Ekhiñe Arrutik.

Giro ona nagusi
Giro ona, giro herrikoia sor­tzen dela dio Arrutik. Auzoko jende guztia biltzen da jaiegun hauetan eta guztiek harreman ona izanik, giro polita sortzen dela azpimarratzen du: «Urtean asteburu bat izaten da eta guztiak animatzen gara eta elkarren artean ongi pasatzen dugu», dio gazteak. Arrutik dio orokorrean auzoko jendea egoten dela Osiñagako jaietan, horiei bideratuta dagoelako batez ere. Baina, larunbatetan esaterako, jende asko inguratzen da egoten diren ekintzetara, azken finean, herri kirolek, eta sagardo eta bakailu dastaketak adibidez jendea erakartzen dutelako. Larunbat gaua ere inguruko jendea bil­tzeko unea izaten da, Laiotz taldearekin dantza egin eta ongi pasatzeko asmoz haur, gazte eta helduak biltzen baitira kasu honetan ere.

Guztientzat antolatutako ekintzak
Auzokoentzako gehienbat, guztiak elkartzen diren unea izaten omen da polita: «agian igande goizekoa izaten da politena», dio Arrutik. Igande goizetan auzoko helduei omenaldia egiten zaie eta horrez gain auzoko bazkaria egiten da. Azken hori jendeari asko gustatzen zaio, auzokide guztiak biltzen direlako, gainera bertsolariak ere aritzen dira eta horrek giroa pizten omen du beti. Beraz, igandea izaten da bereziki auzoko haur, gazte eta helduak biltzeko eguna, eta agian horrek egiten du berezi eguna. Kanpotik hurbiltzen direnentzat larunbat arratsaldea izaten da interesgarria, azken finean, herri kirolak egoten direlako eta ikusmina sortzen dutelako. Igande arratsaldeetan ere gauza bera gertatzen da, zaldi dema egiten delako auzoan. Beraz, esan liteke giro ederrean ongi pasatzeko aukera eskaintzen dutela Osiñagako jaiek, eta gehienbat auzokideentzako bideratuta egon arren, hurbiltzen den guztiek ondo pasatzeko helburuarekin egiten dituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!