«Txotx garaiko pakete turistikoaren balorazioa oso positiboa da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 1a, 02:00

Txotx denboraldian aukeran izan den eskaintza turistikoaren balorazioa egin dute Udalak, Donostialdeko turismo guneak eta hainbat sagardogilek.

TOP esperientzia, pakete tu­ristikoa, ibilbide laburrak tren berdean eta bisita gidatuak hirigune turistikoan; eskain­tza turistiko horiek egin dira aurten aurreneko aldiz, Txotx denboraldiaren barruan. Urtarrilaren 28tik apirilaren 29ra izan da eskaintza horiez disfrutatzeko aukera. Horiez gain, Turismo informazio gunea ere jarri dute 15 asteburu horietan, Biteri kultur etxearen aurrean. Txotx denboraldia eta eskaintza bukatuta, proiektuan parte hartu dutenak elkartu dira aste honetan, balorazioa egitera: Hernani­ko Udaleko turismo arloa, Donostialdea turismogunea eta Hernaniko beste hanbat sagardogile.

Emaitzekin pozik
Udalak prentsa oharra bidali du Kronikara, bilera horretan egindako balorazioarekin. Azaldu dute, eskaintza turistikoaren balorazio orokorra oso positiboa izan dela: «erabil­tzaile kopurua egokia izan da; lanean aritu den gidak oso iri­tzi ona azaldu du; top esperientzian eta pakete turistikoan parte hartu duten sagardogileen iritzi orokorra ere, baikorra da; eta oso emaitza onak azaldu dituzte esperientzian edo pakete turistikoan parte hartu duten 4 taldetako hiruk, gogobetetze-inkestan». Udaletik gogorarazi nahi dute, eguraldiak ez duela gehiegi lagundu txotx denboraldiak iraun duen 15 asteburuetan: «otsailaren 1ean esaterako, elurra egin zuen eta apirila osoan egun bakarra izan da euririk egin ez duena».

San Markoko furgoneta ez da  gehiago etorriko
Hernanin zehar, sukaldeko olioa biltzeko 10 makina jarri dira, herritarrek ger­tuago eta ordutegirik gabe izan dezaten birzi­kla­tzeko aukera. Hori ho­rrela, Udalak gogoratu na­hi du  San Markoko furgoneta ez dela gehiago etorriko Hernanira: «beraz, ezingo da Urbieta kaleko zu­haitz ondoan olio poterik utzi».
Bestalde, gogoratu nahi dute baita ere, aste honetan ari direla etxez etxe olioa berziklatzeko poteak ba­natzen, eta horiek bakarrik erabili daitezkeela ma­kinetan: «behin betea dagoenean, makinan sar­tu, pixka bat itxaron, eta po­te garbi bat itzuliko du».

Erabiltzaile kopurua
Informazio gunea: 196
Tren berdea: 238
Top esperientzia: 21
Pakete turistikoa: 22
Bisita gidatua: 63

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!