Zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoen alde lanuzteak egin zituzten atzo

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 1a, 02:00

Kontzentrazioak herriko lau puntutan izan ziren: Atsegindegi parean, Osasun Zentroan, Laubidietan eta Udal Euskaltegi parean.

Espainiako Gobernuak Zerbitzu Publikoetan iragarri dituen murrizketen aurka lanuzteak izan ziren atzo Hernanin. Udaleko zerbitzu guztietako langileek bat egin zuten deialdiarekin, eta baita Osasun zentroko eta hezkuntzako zenbait langilek ere. 11:00etatik 13:00etara egin zen lanuztea, eta kon­tzentrazioak egin zituzten Atsegindegi parean (Kirol­degiko espaloian), Osasun Zentroan, Laubidietan eta Udal Euskaltegian. Atzoko lan uzte deia LAB eta ESK sindikatuek egin zuten, eta Udalaren kasuan, ELAk ere bat egin zuen deialdiarekin. LAB sindikatuak azaldu duenez, atzoko deialdiarekin exijitzen dute: «atzera botatzea azken urteetako murrizketak eta Zerbitzu Publikoak suntsi­tzeko neurriak; Hego Euskal Herriak marko normatibo propioa izatea, halako eskusartzeak ekiditeko; Hego Euskal Herriko instituzioek ez aplikatzea hemen erabaki eta negoziatu ez diren neurriak; osasuna, hezkuntza eta babes sozialerako aurrekontuak nabarmen haunditzea; eta politika fiskal eta ekitatiboa eta progresiboa bermatzea, hau da, gehien dutenek gehiago ordaintzea».

Kontzentrazioa, Donostian
ELA eta STEE/EILAS sindikatuek deituta, manifestazioa egin zen Donostian; eta egun osoan zehar, mobilizazioak egin zituzten lan zentroetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!