Maria Jesus Ejido eta Jose Antonio Sanchez, zinegotzi sozialista berriak

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 1a, 02:00

Jose Ramon Chica eta Jose Perezek kargua utzi zuten asteartean, Udalean izan zen Plenoan. Bestalde, Hernani Errotzenek aurkeztutako mozioa onartu zen, Gobernu Taldearen, EAJ-PNVren eta H1!en botoekin.

Hogeita bat eta bederatzi urte zinegotzi sozialista gisa Udalean egon ostean, asteartean utzi zuten kargua Jose Ramon Chicak eta Jose Perezek. Plenoa izan zen Udaleko Areto Nagusian, eta aztergai izan zituzten 14 puntuen artean zegoen bi zinegotzi sozialisten dimisioa. Mo­mentua iritsi zenean, Este­fania Morcillo zinegotzi sozialistak hartu zuen hitza, orain arte bidelagun izan zituen Chica eta Perez agur­tzeko: «lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Jose Ramon eta Joseri, egindako lanagatik. 21 eta 9 urte pasa dituzte Udalean, hurrenez hurren, eta momentu onak eta gogorrak bizitu dituzte urte guzti hauetan. Eskerrik asko egin duzuen lan guztiagatik eta zorte on aukeratu duzuen bide berri horietan». Luis Intxauspe alkateak ere, eskerrak eman zizkien bi zinegotziei: «eskerrik asko herri honi eskainitako lana eta esfortzuagatik. Onena opa dizuet».

Mozioari, bai
Hernani Errotzen taldeak mozioa aurkeztu zuen Plenoan, 1512-2012 Nafarroa­ren Konkista adierazpena jasotzen zuena. Nabarral­deren laguntzarekin, eta herriko beste hainbat eragile eta banakakoen atxikimenduarekin aurkeztu zuen, eta Plenoak onartu egin zuen: Gobernu Taldeak, EAJ-PNVk eta Hamaikabatek alde bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Mozioa onartuta, Udala konprometitu zen nafar bandera eta 1512-2012 Nafarroa bizirik ekimenaren ikurra urtean zehar jartzera; ekainaren 16an, Euskal Herriko Ibilaldi Nazionalean parte hartzera; eta bereziki, 2012ko uztailaren 25ean, nafar bandera haga erdian jartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!