«Jaietako elementu nagusiak erabili ditut: sua, egurra eta plaza»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 31a, 02:00

Sua, egurra eta plazari elizako dorrearen atzetik ateratako argazkia dira, aurtengo San Joan jaietako karteleko irudia osatzen dutenak. Nerea Uralde andoaindarrak irabazi du kartel lehiaketa, eta bere hitzetan, San Joan jaietako elementu nagusiak direnak erabili ditu kartela egiteko.
Andoainen bizi bada ere, amaren aldeko familia hernaniarra du, eta ilusio haundia egin dio sari hau jasotzeak.

Esperientziadun artista
Aurtengoa ez da Nerea Uraldek kartel lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia. Hernaniko San Joan jaietako kartel lehiaketara aurkeztu den 2garren aldia izan da hau, eta honetan, lehen saria irabazi du.
Bestalde, aurtengo Ema­ku­meen Egunerako Andoain­en antolatu zen kartel lehiaketan ere, bere lana izan zen irabazlea. Bertako San Joan jaietarako ere, behin baino gehiagotan diseinatu ditu kartelak.
Hala ere, Hernanin saria jasotzeak ilusio haundia egin diola aitortzen du: «An-doaingoan ez bezala, lehiaketa honetan edonork hartu dezake parte, eta ez nuen saria jasotzea espero. Era berean, Hernaniko familia edukita, ilusioa egiten du».
Lehen aldiz, 98ko Emakumeen Egunerako Oiar­tzun­go  kartel lehiaketan har­tu zuen parte, eta hura ere irabazi egin zuen. «Lehena izateagatik, ilusio berezia egin zidan, eta gehiagotan saiatzeko gogoa piztu zidan».

Lanean, ordu txikietan

Diseinu grafikoan eta maketatze lanetan aritzen da Uraldek. Betidanik gustatu izan zaizkio marrazkigintza eta argazkilaritza ere. Baina ezin beti, nahi adina denbora atera.
Inspirazioa edonon topa­tzen duela aipatzen du, baina bereziki, goizeko 06:00ak inguruan. «Bi haur ditut, eta biak izan dira loti txarrak. Txikiena bular eske esnatu, eta ondoren, ezin izaten dut lorik hartu. Orduan egiten ditut lan gehienak».
Azken lana, oraintxe aur­kez­tu berri du, Azpeitiko An­tzer­ki Topaketetarako kartel lehiaketan. Honekin, oraingoz amaitu duela ziurtatzen du. «Asko gustatzen zait, baina denbora eskatzen du, eta orain, denbora batean lasai egoteko gogoa dut».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!