Japoniatik itzuli berria da Zigor Iturrieta. Fuji mendia inguratzen zuen 160 km-tako Ultra Traila egiteko asmotan joan zen bertara, baina lasterketa hasi eta 30 km-ra, erretiratu egin behar izan zuen. Orain, biharko Hiru Haundiak, Gorbeia, Anboto eta Aizkorrin barrena egiten den mendi lasterketa du buruan.
Lasterketan ez duzu zorte haundirik izan, baina bidaiaz gozatzeko aukera izango zenuen.
Lehen 3 egunetan Tokyon izan nintzen. Hura ez da beste herrialde bat, beste planeta bat da! Zinera joatea baino hobea da kalean, inguruari eta jendeari begira geratzea. Edonon ikusten dituzu, adibidez, neskak printzesaz jantzita, edo marrazki bizidunetako trajeekin, eta alboan, beste bat kimonoarekin, guztiz tradizional. Kontraste izugarria dago.
Bestalde, oso garbiak dira. Kalean ez dago zaborrontzirik, baina lurrean ez da zikinik ikusten, ez dute kalean erretzen, mukiak kendu nahi badituzte txoko batera baztertzen dira...
Arrain merkatuan ere izan nintzen, goizeko 05:00etan. Munduko haundienetakoa da. Sukaldari naizen aldetik, ikusgarria da! Mota, forma eta tamaina guztietako arrainak ikusten dira. Hori bai, non eta han, arrain fresko artean, denak erretzen ari ziren!
Gero Fuji ingurura gerturatu nintzen. Zoragarria da. Oso polita. Mendiko kultura badutela nabari da, eta dena garbi mantentzen dute.
Eta iritsi zen lasterketaren hasiera. Zer gertatu zitzaizun, zehazki?
Ostiralean, 15:00etan, hasten zen lasterketa, eta 30 km inguru egin ostean, erretiratu egin behar izan nuen. Normalean, urdaila izaten da nire arazoa. Oso urduri jartzen naiz, eta botaka hasten naiz. Horrexegatik erretiratu behar izan dut aurten, Transgrancanarian ere. Oraingo honetan, barrita energetikoen esponsor berria nuen, eta ez nuen urdaileko arazorik. Ondo hasi nintzen, aldapa gora 4 edo 5garren eta behera 3garren nindoan. Baina lasterketa hasi eta gutxira, estropozu egin eta harri bat jo nuen. 2 km gehiago edo egin nituen, baina arrastaka, beste 6 aldiz erorita.
Azkenean erretiratu egin behar izan nuen. Berehala izotza jarri zidaten, eta ordu erdira behera jaitsi ninduten. Medikuarekin barrez aritu nintzen gero. Ez dute ingelesez egiten! Azkenerako, ni euskeraz eta bera japonieraz aritu ginen! Hanka ez nuela puskatu esaten nion. Ospitalera eraman ninduten hala ere, bada ez bada. Azkenean, kolpe haundi bat izan da, ez besterik.
Nesketan, Nerea Martinez nafarrak irabazi du.
Ondo errekuperatu zara?
Min pixka bat badut, batez ere, beheraka noala, zauriak tira egiten baitit. Baina ondo nago. Azken aste honetan, bizikletan ibili naiz, eta asteburuan korrika saioak egin ditut. Uste dut ostiralerako ondo egongo naizela, Hiru Haundiak mendi martxan parte hartzeko.
Azkar errekuperatu zara! Marka pertsonalen bat egiteko asmotan zara?
Aurten bi Ultra Trail egin nahi izan ditut, eta bietan erretiratu egin behar izan dut. Biharko lasterketan, nire asmoa bukatzea izango da.
Gainera, aurten, oso maila haundia egongo da bertan. Iker Karrera, Aitor Leal, Javi Dominguez... Ez da arraroa izango norbaitek errekorra ordubeten jaistea. Azken batean, Ultra Trailetan munduko onentsuenak direnak Euskal Herrian daude. Hiru Haundietan batuko gara denok.
Hala ere, niri ez zait gustatzen errekorrez hitz egitea mendi lasterketetan. Urte batetik bestera, eguraldia desberdina izaten da, askotan ibilbidea ere desberdina izaten da... Ez da lasterketa bera. Hiru Haundiak gainera, martxa bat izan da beti, Euskal Herriko eta Europako martxa zaharrenetakoa. Baina dortsalak ematen eta denbora hartzen hasten direnean, lasterketa bihurtzen da.
Beste lasterketaren bat baduzu buruan, urte honetarako?
Ekainak 29an Dolomitetara itzuliko naiz, Italiako Lavaredo Ultra Traila egitera. Lehengo urtean, 90 km ziren, eta 2garren egin nuen. Aurten 120 km izango dira.
Abuztuan berriz, Mont Blancera joango naiz. Munduko lasterketa garrantzitsuenetakoa da. Urrian, Txilera joan nahiko nuke, Cruce de los Andes, 80 km-tako lasterketarako.
Bestalde, sendagileek ez dute gomendatzen urtean bi Ultra Trail baino gehiago egitea, baina beno, uztailean agian, Anetoko itzulia egingo dut. Oraindik ez didate konfirmatu tokia dudan hala ez.
Ultra Trailetan espezializatu zara...
2010eko Mont Blanc-en 3garren egin nuenetik, The North Face dut patrozinatzaile, eta horietan parte hartzeko ordaintzen didate!