Autoestimua eta asertibitateari buruzko hitzaldia emango duzu asteazkenean Hernanin. Hitzaldiaren inguruko zertzelada batzuk ematerik bai?
Psikologikoki ondo sentitzeko klabeetako bat da autoestimu aldetik ondo egotea. Autoestimu ona duen pertsona alaia da, baikorra, gauza berriak egiteko gogoa duena. Baina batez ere, pertsona askea da, ez du den bezalakoa izateko beldurrik; askatasunarekin hitz egiten du, beti ere, besteei errespetatuta, agresibitate gabe, baina beldurrik gabe. Hitzaldian saiatuko naiz autoestimu ona izatea galarazten diguten elementuak zehazten, eta hau hobetzeko pausoak ematen.
Hitzaldiaren helburua da
pertsonak heztea, zaintzen
dituzten gaixoei psikologikoki lagundu ahal izateko. Zertan hezi?
Autoestimu ona nola izan erakutsiko diet. Ez dago norberak bere burua den bezalakoa onartzea eta maitatzea baino gaitasun hoberik gaixo bat zaintzeko. Erich Fromm psikologo eta psikoanalista ospetsuak zioen, hurkoa benetan maitatzen duela, bere burua maitatzen duenak bakarrik. Autoestimu ona duen pertsonak berezkoa du besteei laguntzea, eta gainera, baikortasuna eta esperantza transmititzen du. Beraz, hor ikusi daiteke gaixoak zaintzen dituzten pertsonengan zein eragin izan dezakeen.
Beraz, hitzaldian hainbat teknika eta aholku emango dituzu. Eta horiek praktikan jartzea erraza al da?
Ez da zaila, baina konstantzia behar da. Autoestimu ona izateko pauso batzuk daude, eta hori landu egin behar da. Eta ez dezagun ahaztu, zoriontsu den pertsona batek nahi eta nahi ez izan behar duela autoestimu ona.
Gisa honetako laguntzak geroz eta beharrezkoagoak dira, ezta?
Bai. Satisfakzio pertsonala bere burua onartu eta maitatzen duen pertsonak bakarrik lortzen du, eta gaur egungo munduan, geroz eta gutxiago dira euren burua onartzen dutenak.
Gaizki begiratzen gara, ez ditugu gure akatsak onartzen, ez gara gustatzen… Horrek guztiak umore txarrean egotea dakar, satisfakzio eza, beldurra, antsietatea, amorrua…
Ezinegon hori ingurukoek jasaten dute, onda negatibo bat sortzen da, eta horrek zoriontsu ez izatea eragiten du.
Zeintzuk dira gaixoek dituzten arazo psikologiko komunenak?
Arazo komunenen artean hauek daude: depresioa, esperantza falta, gaixotasuna edo ezgaitasuna ez onartzea eta bakardade sentsazioa. Horregatik da hain garrantzitsua hauekin lan egiten dutenek baikortasuna, poza eta esperantza transmititzea.
Eta zeintzuk dira erizainek edo zaintzaileek dituzten gabeziak?
Ezinbestekoa da pertsona hauek baikortasuna, eskuzabaltasuna eta laguntzeko gogoa izatea. Psikologikoki ondo dagoen pertsonak hori transmititzen du, eta horrek gaixoaren egoera fisikoa ere hobetzen du. Askotan ordea, lan karga, langileen arteko arazoak eta abar medio, profesioa estres haundiarekin bizi dute. Askotan ondorenaren kulpa sentsazioa patologikoa izaten da, eta horrek autoestimua eta animoa okertzea eragiten du; eta noski, guztiak era negatiboan eragiten du gaixoengan.