Hernaniarrei deia, azken egunetan izena emateko

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 27a, 02:00

Plazatik atera, eta 13 kilometroko ibilbidea egingo dute mendi lasterketan parte hartuko duten korrikalariek, Ereñotzun, ekainaren 10ean, goizeko 10:00etan.
Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ibilbidea, berdina: Latxe eta Pikoagatik barrena, Zu­luetako gaineraino igo­ko dira partehartzaileak. Ber­ta­tik, kaxkoz kaxko, Onddiko tontorreraino igoko dira. Beherako bidea hartuko dute handik, eta inguruko mendi-bailarak eta itsasoa ikusiz, Usategieta baserriraino jaitsiko dira. Segidan Fagollaga pasako dute, eta handik helmugarako zatia bide gorri berritik egingo du­te. Hasi bezala, bukatu ere Ereñotzuko plazan egingo da men­di lasterketa. Kontrol puntu nagusia Onddiko tontorrean egongo da eta lasterkari guztiak ber­tatik pasa beharko dute.

140 inguruk
eman dute izena

Martxoan zabaldu zen izena emateko epea, eta ordutik 140 partehartzaile inguruk eman dute. Probarako aforoa edo kupoa 200 pertsonakoa da, eta plaza gutxi geratzen direla ikusita, antolatzaileek deialdi berezia egin nahi diete hernaniarrei.
Izena emateko azken eguna ekainaren 7a da, eta horretarako bi modu daude: in­ternetez, www.kirolprobak. com web orrian, edo Her­na­nin bertan, Ibai Mendi dendan. Bi kasuetan, 10 euro ordaindu behar dira. Horrez gain, eta parte hartzeko plazarik libre balego, egunean bertan ere izango da aukera izena emateko, 13 euroan.

Jan-edari postuak,
eta aholkuak

Ibilbidean zehar jan eta edateko postuak egongo dira, eta las­­terketa bukatzean, pintxoak eta salda ere, izango dira aukeran. Horrez gain, parte­har­tza­ileek dutxatzeko aukera izango dute Ereñotzuko es­­kolan.
Bestalde, antolatzaileek gogoratu nahi dute, lu­rre­ra paperak, botilak edo beste edozer zikinkeri botatzeak deskalifikazioa ekarri de­zakeela; eta baita ere, markatutako ibilbidetik ateratzeak.

Sariak, aurreneko hiruentzat
Korrikalari guztiek jasoko dituzte kamiseta bat eta Ibai Mendin gastatzeko 10 euroko bonoa, lasterketan parte har­tzeagatik. Horrez gain, zozketa pila bat izango dira, Hernaniko denda eta tabernek emandako opariekin, hala nola, afariak, gaztak, txuletak, edariak, arropa...
Eta noski, lasterketa aurreneko hiruen artean bukatzen duten gizon eta emakumeen­tzat ere, izango dira sariak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!