Javier, Rikardo eta Gorka, Goroldik martxan duen 7 pertsonako taldeko kideak dira. Lehen biak donostiarrak dira, eta azkena berriz, Debakoa. Egunero etortzen dira Hernanira, bertako lorategietan lan egitera. Urrian hasi ziren lanean, eta bertan ezagutu zuten elkar.
Duela 7 hilabete Hernaniko Villa Ave Mariako parkean hasi ziren lorezain lanetan. «Gauza asko ikasi ditugu», diote ziur, «eta gero eta lan gehiago egiten dugu: lehenengo, paperak, hosto lehorrak, adartxoak edota harriak lurretik biltzen genituen; gero, lurra jorratzen ikasi genuen; eta orain, haziak landatu edota landareak kimatzen ditugu, baita ere».
Lanean, gogotsu
Gustora daude egiten duten lanarekin. «Lasaitasuna ematen duen lana da», Javierren ustez, «naturarekin harremanetan gaude, eta toki polita eta lasaia da lanerako».
Baina, kanpoaldean lan egitea ez da beti erraza izaten; eguraldia lagun ez denean, batez ere. Hala ere, ez dute kexa haundirik. «Hotza egiten duenean, gehiago mugitzen gara, aktibatu egiten gara», azaldu du Rikardok. «Uretik babesteko trajeak erabiltzen ditugu, eta aurrera egiten dugu».
Gorkak, bestalde, eguraldi txarrarekin kanpoan lan egitearen ondorioz, katarroren bat edo beste harrapatu duela aipatzen du, baina hala eta guztiz ere, lanean gustora ari dela azpimarratzen du.
Ados daude hirurak horretan: «eguraldi ona egiten duenean, oso lan polita eta lasaia da. Eguraldi txarrarekin berriz, lanbroa dagoenean, hotza egiten duenean, euria ari duenean, edo horrelakoetan... gorputza horretara ere egiten da!».
Lan talde polita
Dagoeneko, zazpi hilabete dira elkarrekin lanean hasi zirela.
Hemen bertan ezagutu dute guztiek elkar, eta oso ondo moldatzen direla aitortzen dute.
Javierrek azaldu duenez, «ez dugu eztabaida haundirik izaten». Gainera, elkarrekin aritzen dira lanean, talde-lanean, hain zuzen. Denek jartzen dute beren partetik, eta kolaborazioa nagusi izaten dela ziurtatzen dute.
Emaitza onak
Lilian Gutierrezek eta Asier Galdosek esandakoaren arabera, «oso pozgarria da taldeak erakutsi duen lanerako gogoa eta ardura».
Eguraldi txarra egiten duenean, ez da batere xamurra izaten kanpoaldeko lanak egitea. Hala ere, Gutierrezek dio ez direla batere kexatzen. «Nahiz euria egin, nahiz hotza egin, lanerako prest etortzen dira beti, eta oso ondo aritzen dira. Gogoratu aurten zer nolako negua izan dugun. Otsaila, bereziki hotza izan da. Baina hala ere, hemen ez da inor kexatu. Pozgarria da lanerako erakusten duten grina eta ardura».
Hasieran, 6 hilabetetarako lana izango zen hau. Baina taldeak horren ondo funtzionatzen duenez, lanean jarraitzeko epea luzatu egin da, eta ez dago amaiera datarik, oraingoz.