Gureak taldea osatzen dute besteak beste, teknologia eta sektore industriek eta hainbat zerbitzuk. Guztien helburu nagusia da ezgaitasun psikiko edo fisikoak dituzten pertsonak lan munduan eta gizartean integratzea.
Horietako enpresa bat da Goroldi, lorezaintza zerbitzua eskaintzen duena. Gipuzkoa osoko 140 langile inguru ari dira bertan lanean. Udaletxeek, enpresa partikularrek, bizilagun elkarteek... kontratatzen dituzte Goroldiko zerbitzuak, barruko landareak edota kanpoaldeko jardinak zaintzeko.
Hernanin, Goroldi enpresako 13 pertsona ari dira lanean. Urriaz geroztik gainera, 7 pertsonako talde laguntzaile bat izaten dute alboan, egunero. Azken hauek, lanpostu okupazionalak betetzen dituzte, hau da, formazio eta garapenerako balio die lan honek. Baina era berean, beren ekarpena egiten diete enpresako langileei eta herriari.
Lanpostu okupazionalak
Asier Galdos eta Lilian Gutierrez Goroldi enpresako langileen eta talde laguntzailearen arduradun eta kudeatzaileak dira. Goroldi enpresa, Gureak taldeko gainontzeko enpresen gisara, ez dela ohiko enpresa diote, baizik eta, lanbide zentru berezia dela. Izan ere, bertako langileak ezgaitasun psikiko edo fisikoren bat duten pertsonak izaten dira.
Era berean, lehengo urteko ekainean, lanpostu okupazionalak sortu ziren, «lanerako autonomiarik ez duten pertsonei asistentzia emateko».
Galdos eta Gutierrezek azaldutakoaren arabera, «orain arte lanerako autonomiarik ez zuten pertsona hauentzako, tailerrak edo languneak besterik ez zeuden. Hau da, lan egiteko gai zirenei soilik ematen zitzaien lanpostua, eta gainerakoek tailerrak egin zitzaketen. Ekainean ordea, Diputazioarekin kontzertatutako lanpostu okupazional hauek sortu ziren. Hasiera batean, 6 hilabetetarako proba egiteko asmoa zegoen, baina taldeak ondo funtzionatzen du, eta oraindik lanean jarraitzen dugu. Ez dugu amaiera datarik zehaztuta, eta plazak zabaltzeko aukera ere izango dugu, agian. Talde honi esker, Hernanin lanean ari diren Goroldi enpresako 13 langileek, beste 7 pertsonako talde baten laguntza dute».
Talde laguntzaile hau urrian hasi zen Hernanin lanean. Ave Maria parkeko lorategian aritzen dira gehienbat, baina Nere Bordan, Atarrabiyo Parkean, Pana Parkean, Politenan edota Latsunbeko zelaian ere aritu dira, txukunketa lanetan.
Asistentzia, garapena eta integrazioa
«Lanpostu okupazional hauek betetzen dituztenek ez dute beti lan erritmo bera izaten», azaldu du Galdosek. «Ez dute lanerako autonomiarik, eta ez dute egunero berdin egiten lan. Baina asko ikasten ari dira».
Lilian Gutierrezek ere hala uste du. «Helburua da pertsona hauei asistentzia ematea, gizartean eta lan munduan integratzeko garapen pertsonala sustatzea, lan munduak dakarren ardura zein den ikastea, inguruan dituztenekin erlazionatzea eta taldean lan egiten ikastea. Etxean egon beharrean, hemen zainduta daude, eta gainera, ikasi egiten dute. Era berean, batzuek behintzat, etorkizunean lanpostu bat lortzeko aukera izango dute, hemen ikasitakoari esker».
Talde honek egunero egiten du lan, astelehenetik ostiralera, 4 orduz. Besteak beste, lorategiak eta parkeak garbi mantentzea (zaborrak, paperak, harriak eta belar txarrak kendu), kimaketa lan txikiak egitea, edota haziak landatzea dira beren ardurako lanak.
«Ez dute lan erritmo zehatz bat jarraitzen, baina pixkanaka, ikasten ari dira, eta gero eta ardura haundiagoak hartzen dituzte; hasieran, zaborrak bildu, besterik ez zuten egiten. Orain, kimaketa lanak ere egiten dituzte, adibidez», dio Galdosek.
Onura langileentzat,
abantaila herriarentzat
Formakuntzarako ikastaro baten moduan funtzionatzen dute lanpostu okupazional hauek. Ikasi eta ikasitakoa praktikan jarri, aldi berean egiten dute.
Modu honetan, Galdosek eta Gutierrezek azaldutakoaren arabera, «behar duten zaintza jasotzen dute, eta aldi berean, ikasi egiten dute; okupatuta egoten dira. Gainera, lan mundua bertatik bertara ezagutzen dute, horrek dakartzan ardurak beren gain hartzen ikasten dute, eta batzuek, lanpostu bat lortzeko garapena izaten dute».
Bestalde, oso lan majoa egiten ari direla azpimarratzen du Galdosek, eta Goroldiko lorezain brigadari asko laguntzen dietela.
Era berean, denek irabazten dutela nabarmendu nahi izan dute Galdosek eta Gutierrezek: «azken batean, herriarentzat abantaila haundi bat da. Izan ere, talde hau osatzen duten 7 langileek gizarteari beren ekarpena egiten diote. Ez dute soldatarik kobratzen, baina trukean, garraioa eta Gureak-eko jangelan otorduak ahalbidetzen zaizkie. Udalari ez zaio kosturik sortzen. Gureak-ek hartzen ditu beregain kostu guztiak».
Baldintza bakarra dago lanpostu okupazional hauetako bat lortzeko: adin-nagusikoa izatea eta ezgaitasun ziurtagiria izatea.
Esperientzia positiboa
Urtebete eskas martxan jarritako proiektua da, lanpostu okupazional hauek eskaintzearena. Hasiera batean, 6 hilabetetako proba egitea zen asmoa, baina luzatu egin da epe hori, egun lanean jarraitzen baitute.
Badirudi, Hernaniko lorategietan nahikoa lan badela, Galdosek azaldutakoaren arabera. Hori dela eta, talde honek noiz arte jarraituko duen ez da zehaztu oraindik.
«Horrela jarraituz gero, eskaintza haunditzeko aukera ere izan dezakegu: batetik, zerbitzua gune gehiagotan eskainiko genuke, eta bestalde, lanpostu okupazional gehiago sortu ahal izango genituzke», azaldu du.