Denboraldi bikainari errematea ematea bakarrik falta zaio Horbel Tabernari, eta aukera badu. Gaur jokatuko du play offeko azkeneko partidua, finala izango dena, Euskal Ligara igotzeko. Aurrean Oiartzun taldea izango du, eta partidua etxetik kanpo jokatuko dute biek: Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian izango da, arratsaldeko 19:30etan.
Ligan, irabazi
Oiartzun ez da talde berria Horbel Tabernarentzat. Ligan, denboraldi honetan, jokatuak dira elkarren kontra, eta bi kasuetan, hernaniarrak izan dira garaile.
Play offek beste konnotazio bat dute ordea, eta edozer gertatu liteke, hala azaldu dio Hernaniko Kronikari Julen Giraldo entrenatzaileak: «momentu honetan, gure indarra %50ean dagoela esan daiteke. Egia da aurten elkarren kontra jokatu dugun bi alditan garaile izan garela, baina partidu horietan edozer gerta zitekeen, eta oraingoan are eta gehiago. Denboraldiak aurrera egin ahala jokoan hobera egin dute, eta orain gehiago jokatzen dute talde bezala; ondo uztartzen dute beteranoen eta gazteen lana».
Jarrera, klabea
Partidua nola jokatu aztertzen aritu dira hernaniarrak, eta Julen Giraldok dio, klabea ziurrenik jarrera izango dela: «ondo jokatzea baino gehiago, taldearen jarrera eta gogoa izaten da klabea gisa honetako partiduetan, eta gaur ere, ziurrenik, hala izango da. Partiduak iraun bitartean, gertatzen dena gertatuta ere, guztia posible dela pentsatzen baduzu, irabazi daiteke; galtzen ari bazara, partiduari buelta emateko aukera duzula uste baduzu, posible izango da».
Entrenatzaileak argi du, partidua irabazi edo galdu, elkartu egingo direla: «ez dugu ospatzeko asmo haundirik. Hori bai, gertatzen dena gertatuta, afari eder baten bueltan elkartuko gara, denboraldi bikaina izan dela gogoratu, eta agur esateko».
Igota ere, mantentzea zaila
Oiartzuni irabazi eta Horbel Tabernak mailaz igotzea lortuko balu ere, Euskal Ligan mantentzea zaila ikusten du entrenatzaileak: «ez da batere erraza izango. Taldeak duen egoera ekonomikoak uste baino garrantzi haundiagoa izaten du kasu hauetan, eta bizi ditugun garaiak ez dira onenak laguntza eskean aritzeko. Hala ere, norbaitek interesa izango balu, guk pozik hartuko genuke laguntza hori».
Jokoari dagokionean, taldeak maila ona duela dio Giraldok, eta Euskal Ligan txukun arituko litzatekeela: «taldea ondo ikusten dut. Beti izan ohi den moduan, jokalari batzuk esperientzia gehiago dute, eta beste batzuk gutxiago; baina hori normala izaten da. Areto futbolera egokitu egin behar izaten dute jokalariek, eta horretarako denbora behar da. Jendeak uste duena baino ezberdintasun gehiago dago Areto Futbola eta Futbolaren artean».
«Ez genuen honaino
iristea espero»
Egindako denboraldiari buruz ere hitz egin du Giraldok. Azaldu duenez, hasiera batean helburu askorik gabeko denboraldia izatea espero zuten, pasarakoa: «denboraldi erdian 9garren postuan ginen, eta gero etorri zen bolada ikusgarria izan zen. Horrek mentalki asko lagundu zigun, eta joan den asteburuko partidurako ere, klabea izan zen». Taldekideei dagokienean, entrenatzaileak dio jokalari askotik gutxira pasa zirela, denbora gutxian: «hasieran asko ginen, eta pixkanaka, arrazoi batengatik edo besteagatik, taldea utzi zuten jokalari batzuk. Horrek egia esan, min egin zion taldeari».
Areto futbolaren
etorkizuna, zaila
Giraldok dio, geroz eta gutxiago direla talde batekin konprometitu nahi duten pertsonak, eta ondorioz, areto futbolaren etorkizuna zaila ikusten duela: «Astean bitan entrenatu behar da, 50 minutu, eta partidua ere jokatu behar da, eta gutxik dute inplikazio hori. Horrez gain, jendeari kosta egiten zaio ulertzea futbola eta areto futbola ez direla kirol bera, eta adaptazioa behar dela, denbora behar dela. Inplikatzen den jendea nahi dugu, ikasteko gogoa duena, eta ondo jokatu baino gehiago, pertsona ona dena».
Herritarrei taldekide
izateko deia
Bestalde, Giroldok dei egiten die areto futbolaren parte izan nahi duten herritarrei, probatu, eta eurekin batera jokatzera.