Aste osoan hainbat ekitaldi izan dira, baina gaurkoa izango da 26garren Txalaparta festa honetako egun haundia. Goizeko 10:00etan hasita, txalaparta klaseetarako TTAKUN 2.1 programa informatikoaren inguruko tailerra emango da, Musika Eskolan. Gero, 12:00etan hasi eta bazkalordura arte, txalaparta saio libreak entzungo dira herrian, eta baita Musika Eskolako beste hainbat musikari ere; hala nola, albokariak, dultzaina-joleak, trikitilariak eta txistulariak. Eguerdiko 14:30etan herri bazkaria egingo da Tilosetan, eta arratsaldeko 17:00etan, jaialdi nagusiari hasiera emango zaio. Bertan, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako txalapartariak entzuteko aukera izango da.
Txalaparta,
hainbat estilotan
Aste osoan zehar ekitaldi gehiago izan dira. Horien artean bi, atzo bertan. Txalaparta musika estilo desberdinekin primeran uztartzen dela frogatzeko aukera izan zen.
Batetik, Adabegi taldearen kontzertua izan zen Biterin. Emanaldi honetan, txalaparta beste perkusio batzuekin, dantzarekin eta flamenkoarekin nahastuta jo zuten.
Gaueko ordu txikietan berriz, txalapartaren alderdi elektronikoa eman zen ezagutzera, Atxur tabernan eginiko Txalaparta Party Apartan. DJ Barru eta DJ Bit-ek txalapartariekin jo zuten.