«Beste pauso garrantzitsu bat eman dugu. Gure hondakinak bildu eta kudeatzeari ekin genion orain dela bi urte Atez Atekoarekin, orain dela gutxi Garbigunea jarri dugu martxan eta orain olioa biltzeko sistema berri honekin errematatu dugu», azaldu zuen atzo Luis Intxauspe alkateak, Kutxa Ekogunearekin hitzarmena sinatzean.
Hitzarmen horri esker, olio erabilia biltzeko 10 makina jarri dituzte Hernanin. «Olioa birziklatzeko sistema garbia, eraginkorra, erosoa eta jasangarria», nabarmendu zuen Mikel Insausti Ekoguneko zuzendariak. Gaurtik hasita, etxez etxe 8.500 olio pote banatuko dituzte eta herritarrek, etxean sortutako olio hondakinak bertan bildu beharko dituzte, arraskatik behera bota beharrean. Potea betetakoan, makinan sartu eta trukean beste bat jasoko dute, hutsa eta garbia. Erabilitako oliotik biodiesela sortuko da.
Helburua da arraskatik behera botatzen den olioa murriztea eta ahalik eta olio gehien biltzea eta birziklatzea. Herritarrei zeregin hori errazteko, 24 orduz egongo dira martxan makinak eta herriko 10 auzo edo gunetan banatu dituzte: Larramendi kalea, Portu auzoa, Zikuñaga auzoa, Ereñotzu, Antziola auzoa, Txantxilla auzoa, Karabel auzoa, Etxeberri auzoa, Marieluts auzoa eta Biteri kultur etxea.
Sistema berri honen kostuak Ekoguneak hartu ditu beregain: 47.700 euro. Makinak Arrasaten sortuak dira, bertako unibertsitatearen eta Udalaren artean diseinatuak. Mondragon korporazioaren barruan dagoen Eko3r enpresak egiten ditu.
Janari ekologikoa jangeletan eta tupper kanpaina harategietan
Atzoko hitzarmenari esker, eskoletako jangeletan menu ekologikoak ematen dituen Ekolapiko proiektua bultzatuko da eta harategietan tupperrak banatzeko kanpaina jarriko da martxan. Oraingoz, Haur Eskolan dago Ekolapiko proiektua martxan. Harategietan tupperrak banatzen, berriz, datozen hilabeteetan hasiko dira. 7.500 banatuko dituzte, kolore urdinekoak.
Udalak beste bi proiektu ere baditu aurrera begira: baratza parke bat osatzea Hernanin eta Ekobira ekimenean sartzea.