Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari gaur ekingo dio Hernanik eta Arrasate izango du aurrez aurre, lehenengo kanporaketa honetan. Hernani iazko txapelduna da eta final zortzirenetan hasiko du txapelketa. Partiduak 19:00etatik aurrera jokatuko dira Arrasateko Uarkape pelotalekuan. Kadeteetan partidu parekatua espero da, baina jubenil eta seniorretan hernaniarrek irabazteko ez dutela arazo haundiegirik izango aurreikusten da. Beraz, hernaniarrak faborito dira.
Ilusioarekin eta
pausoz pauso
Pelota elkartetik jakinarazi dutenez, Hernaniko pelotariek ilusio haundiarekin hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Iazko talde antzekoa izango da eta orduan bezala, pausoz pauso joateko asmoa dute. «Hurrengo kanporaketan bakarrik pentsatu behar dugu eta iazko txapelketan bezala zortea aldeko izatea espero dugu. Badira herriak gu baino pelotari hobexeagoak dituztenak (Oiartzun, esaterako), baina iaz egoera berdina zen eta txapelak lortu genituen», dio Rufino Rekalde pelota elkarteko arduradunak.
Pelotariak aukeran,
maila guztietan
Hernanik aurten, pelotariak aukeran ditu maila guztietan, harrobiak funtzionatzen jarraitzen duen seinale. Kadeteetan honako pelotariak daude: Noble, Rodriguez, Loiarte eta Cisneros. Jubeniletan, berriz, Urkizu, Murgiondo, Leonet eta Etxegoien. Eta seniorretan, Ojuel, Arrieta, Gorrotxategi eta Grajal. Horiez gain, kontuan hartu behar dira, San Sebastian, Aizpitarte eta Lizeaga.
Euskal Herriko
Trinkete Txapelketan, Hernaniko 5 talde
Bihar denboraldiko azken txapelketa ofiziala hasiko da: Euskal Herriko Trinkete Txapelketa. Bertan, Hernaniko 5 taldek hartuko dute parte: paleta modalitatean, jubenil eta seniorretan 4 taldek, eta eskuz banaka modalitatean, talde batek.
Bihar 17:30etatik aurrera partiduak jokatuko dira paletan: jubeniletan, Hernani 1-Hernani 2; seniorretan, Hernani 1-Errekaleor 2 eta Hernani 2-Errekaleor 1. Igandean, berriz, 12:30etan, eskuz seniorretako partidua jokatuko da: Hernani-Adurtza.